Uda eta herrietako jai nagusiak pasauta oindino badagoz ospatuteko dagozan jai batzuk, auzo batzuetan. Euren artean dagoz sanmigelak eta Uribekoak pasauta, Igorreko Garbe-Mikelen, Arteako Elexabeitin, Bediako Jauregi-Yeurin eta Zeanuriko Altzustan ospatuko dira hurrengo egunetan. Egitarau potoloena Igorreko Garbe-Mikeleko sanmigeletan egongo da, bihar, hilak 26, hasi eta astelehenera arte luzatuko dira-ta.
Barikuan Mugi Boogie!!! umeentzako disko festea egingo da 18:00etan eta gazte zein helduentzako barriz, 19:00etan Igorre Kantuen ekimenaren beste saio bat egingo da, abesti herrikoiak ahots batez kantetako. Amaituteko, parrilladea eskainiko da Garben danentzako, Arratiako Merkatarien Elkartearen eskutik. Zapatuan barriz, hilak 27, Txapela Brava taldeak rantxera, korridoak eta euskal kantak buztartuko ditue, mexikar eta euskal doinuak nahastuta. Ospakizun erlijiosoa astelehenean, hilak 29, izango da, San Migel egunean hain zuzen be. Eguerdiko 12:00etan kantauko da mezea eta gero barauskarria egingo da, herriko trikitilariek girotuta.