Bost urte daroaz Igorreko Kiñu Gaztetxeak epaiketaz epaiketa, eraikinaren jaubetza legala daukan Sabadell Banketxeak gazte asanbladea bertatik bota gura daualako. Epaiketa bi izan dira ordutik, batean Sabadelleko abogaduak ez ziran aurkeztu eta bigarrenean, aurtengo apirilean, gazteek epaiketea atzeratutea lortu eben. Astelehenean, hilak 15, egin behar zan hirugarren epaiketea Durangon baina Kiñuko asanbladak ezusteko jakinarazpen bat jaso dau epaitegitik. Atzenean, 2026ko urtailaren 27an da egitekoa Igorreko gaztetxearen etorkizuna ebatziko dauan epaiketea.
Gaztetxetik zabaldu daben komunikaduan adierazo dabe, "atzerapen hau barri ona" dala. Izan be, gitxienez beste lau hilez egongo da gaztetxea gazteen eskuetan, kontzertu, berbaldi, ekitaldi eta bestelango jarduerak egiten segidu ahal izateko. Halanda be, "prozesu hau luze eta kantsagarri izaten dabilela" onartuten daben arren, eskerrak emon dabez "alkartasun kinuak" egin dabezan guztiei eta oin, "burrukan segiduteko" beharrizana azpimarratu dabe.
Burruka horretan jarraituteko, Kiñu Gaztetxean asanblada irekia egingo da datorren asteko barikuan, hilak 19an. Bertan gaztetxeak daukazan erronkak eta oingo egoerea azalduko da eta danen artean, aurrera segituduteko dinamika eta ekintzak proposatu eta antolatuko dira. Horrezaz gainera, aisirako tartea be egongo da, tabernea zabalduta egongo da-ta.