gazteria

Gaur zabalduko ditu ateak lehenengoz Igorreko gaztelekuak

Asier Abrisketa 2025ko ira. 5a, 12:16

12 eta 15 urte bitartekoentzako txandea 17:00etatik 19:30era izango da; 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzako barriz, 19:30etik 22:00etara egongo da zabalik.

Igorreko Udalak jakinarazo dauanez, udaletxe azpiko lokalean egin dan gazteleku barriak gaur, hilak 5, zabalduko ditu ateak lehenengoz. "Gazteentzako aisialdia suspertzeko" proiektu hau aurreko legegintzaldietatik dago mahaigainean eta atzenean nerabeek badaukie astegoienetan "gozatzeko, ikasteko eta konektatzeko" aterpea. Olatz Urkiza alkatearen esanetan,  “helburua udalerriko gazteen eskaeretako bati irtenbidea ematea da, eta gune hori lagunekaz egoteko eta jolasteko biltoki egoki eta atsegin bihurtzea”.

Udaletik BEGITUn aurreratu dabe inaugurazino ofiazala datorren barikuan, hilak 12, egingo dala. Halanda be, gaur bertan zabalduko dira gaztelekuko ateak, gazteek espazioa ezetu dagien. Ikasturte honetan zehar, hainbat areto, komunak, billarra eta futbolina, telebista, mahai-jokoak eta abar dituan lokala erabilteko ordutegia adin tarteen arabera antolatu da. Hamabi eta hamabost urte bitarteko gazteek bariku-zapatuan 17:00etatik 19:30era eta domeketan 17:00etatik 19:00etara erabili ahal izango dabe gaztelekua. Hamasei eta hamazortzi urte bitartekoentzako barriz, bariku-zapatuan 19:30etik 22:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara egongo da lokala zabalik.

Proiektuaren atzerapenak

Proiektu honetarako 55.000 euroko inbersinoa egin eban Udalak baina atzerapenagaz dator ate irekierea. Izan be, pasau dan urteko garagarrilean lokala erabarritzeko lanakaz hastean gaztelekua 2024-2025 ikasturterako erabilgarri egotea espero zan eta urtailean lanak amaitu baziran be, lokala ez da oin arte zabaldu. Aurreko agintaldietan, EH Bilduren asmoa 105. azpian, erreka bazterrean, dagoan gunea barriztu eta bertako garajeetan gaztelekua egitea zan. Baina udal-gobernu aldaketeagaz, udaletxe azpian egin da atzenean proiektua. "Pelotaleku eta rokodromoa gazte-jarduera berrien bidez aisialdi aktiboa sustatzeko eta bultzatzeko topagune izatea ere eragiten dau. Herriko plazan bizitza soziala suspertuko duen proiektua dala uste dugu”, azpimarratu eban alkateak proiektua aurkezterakoan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!