Arratia Motor Taldeak mende laurdena betetan dau aurten eta hau ospatuteko, XXV. urteurreneko alkarretaratze berezia antolatu dabe Igorren. Hau urri lehenengoaren 5etik 6ra ospatuko da, zapatu-domekan, eta urtero lez, motor-gidari zein motorzaleentzako hainbat ekintza antolatu dira. Motor taldetik BEGITUn azaldu dabe, "urteurren honetarako herriak gehiago parte hartzea eta giroaz blaitzea" espero dabe. Holan, hurreratuten dan edozeinentzako jarduerak programau dira: GOTX elektrotxarangea, karaokea eta Narcis Rocaren motor gaineko akrobazia ikuskizuna. Aurtengoan ez da kontzerturik egongo, antolakuntzatik azaldu dabenez, Arteako jaiak diralako eta gidariak motorrean datozanez, asko goiz joaten diralako.
Halanda be, motorrak eta gidariak izango dira protagonista astegoienean eta urteurren borobila izanda, izena emoten daben guztiek jasoko dabe Arratia MTren giltzatakoa, sarien zozketez gainera. Antolakuntzatik Bizkaia osoko motoristak, Gipuzkoa, Araba eta Buurgoseko batzuk zein motorzale gazteek sortutako taldeak espero ditue, "belaunaldien arteko erreleboa bermatuten daurienak". Eguraldiaren araberakoa izan ohi da parte-hartzea askotan baina gitxi gora-behera, 150-180 motorista espero dira. Honeentzako ekintza garrantzitsuena zapatu eguerdian Arratiatik egingo dan birea izango da.