Oingo zapatuan, bagilak 21, Bizkaiko LV. Herriarteko Erreminta Gomaz Txapelketearen final handia egongo da jokoan Igorren. Udal Kiroldegiko frontoian jokatuko da finala 11:30etik aurrera eta bertan, Elorrio eta Larrabetzuko taldeak egongo dira aurrez aurre. Ligaxka fasean be jokatu dabe euren artean eta partidua 1-1 (24-30 eta 30-17) amaitu zan, beraz, final burrukatua espero da zapatuan.
Larrabetzuko taldean E. Garcia, S. Maldonado, N. Zugaza eta U. Urigoiti egongo dira eta beste aldean, X. Bikuña, G. Belamendia, J. Inunciaga eta M. Berrueta elorrioztarrak. Ligaxka fasean Larrabetzu izan zan lehenengoa zortzi puntugaz eta Elorrio bigarrena zazpigaz baina Elorriokoek eukin eben tantuen kontaketa altuagoa, gitxigatik izan bazan be, 81 positibo, Larrabetzukoen 79 positiboaren aurrean.