teknologia

Arratiako gazteentzako Udako I. Robotika Txapelketea jokatuko da hilaren 27an

Asier Abrisketa 2025ko eka. 17a, 10:32

Ekimen honegaz "teknologia hezkuntzearen, sormenaren eta talde-lanaren aldeko apustua" egin dau Igorreko Udalak.

12 eta 16 urte bitarteko gazteek barikura arte emon leikie izena txapelketan. Izen-emotea zein 24an eta 26an egingo diran entrenamendu saioak doban dira.

Zulaibarrek, Arratekek eta Igorreko Udalak antolatuta, aurten Arratiako gazteentzako Udako I. Robotika Txapelketea jokatuko da. Jarduerea guztiz dobakoa da eta hamabi eta hamasei urte bitarteko gazteentzako dago zuzenduta. Lehia eguna bagilaren 27a izango da Igorren baina aurretik, hilaren 24 eta 26an, entrenamendu saio bi egingo dira Zulaibarren robotak muntatu, mBlock eta Make Code tresnakaz programau eta probetako aukerea izateko.

Izen-emotea hilaren 20ra arte, barikua, emon daiteke hurrengo estekan. Gazteak txapelketara hiru laguneko taldeetan aurkeztuko dira eta izen-emotea egiterakoan ipini daiteke nortzukaz aurkeztu. Halanda be, banaka edo binaka be egin daiteke izen-emotea eta gero, antolatzaileek esleituko ditue hirukoteak, talde mistoak egitea lehenetsita.

Entrenamendu saio biak egin ostean, hilak 27 izango da txapelketa eguna eta bertan, taldeek misio bi gainditu beharko ditue. Batetik, robotak markautako bide bat jarraitu eta helmugan egongo dan objektu bat batu beharko dau, serbomotor  batek aktibautako pala bategaz gero, urtekera puntura bueltetako. Bigarren misinoan barriz, robotak eremu bat zeharkatu beharko dau, markau bakoa baina oztopo fisikoz betea. Atzenean, kanpai bat jo beharko dau robotak eta gero, barriro bueltau beharko da urtekera puntura orientazino mantenidu eta kanpoko laguntza bisual barik.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!