Mendia

Espainiako Mendi Lasterketa Txapelketan podium bikotxa lortu dau Onditz Iturbek

Asier Abrisketa 2025ko eka. 9a, 10:39

Zapatuan bigarren egin eban igokera bertikalean eta domekan txapelduna izan zan lasterketa nagusian, Munduko Txapelketarako txartela lortuta.

Onditz Iturbe mendi korrikalari igorreztarrak astegoien garrantzitsua pasau dau, Canfranceko estazinoan jokatu dan Espainiako Mendi Lasterketa Txapelketan izan da-ta. Urri lehenengoan leku berean jokatuko da Munduko Txapelketarako txartelak egoazan banatuteko eta Iturbek lortu dau txartela, domina bi irabazi ditu-ta. Zapatuan bigarrena izan zan igokera bertikaleko proban eta hurrengo egunean, urrea lortu eban lasterketa nagusian.

Igokera bertikaleko andrazkoen lasterketan hiruko burrukea bizi izan zan Onditz Iturbe, Rosa Lara eta Naiara Irigoyenen artekoa; atzen hau, Nafarroakoa, nagusitu zan lasterketan. Lehenengo metroetan Larak hartu eban aurrea, gero Irigoyenek aurreratuteko. Eta gitxi faltau zanean Iturbe lehenengo ipini zan arren, Irigoyenek aurreratu eban Igorrekoa atzenengo metroetan. 

Domekako lasterketa nagusia barriz, 14,3 kilometro eta 775 metroko desnibel positiboko zirkuituan jokatu zan, buelta bi emonda. Onditz Iturbe ailegau zan lehenengoa helmugara, 01:18:07ko denporeagaz. Hasikeran Claudia Estevez nabarmendu zan eta lehenengo birea aurretik egin eban, Iturberekiko hamabost segundoko aldeagaz. Baina bigarren birako igokeran, Igorrekoak martxa bat gehiago sartu eta gitxika-gitxika aurreratu eta aldea ateraten hasi zan. Holan, bigarren birako puntu altuenean minutu eta erdiko aldea eukan, irabazlea bera izango zala argi itxita.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!