FUTBOLA

Andrazkoen Arratia Ak irabazi

Erredakzinoa 2025ko api. 21a, 09:14

Arratiarrak Itsaso Kumiren gola ospatzen.

Joandako astegoienean andrazkoen Arratia A taldeak baino ez dau euki liga partidua. Arratiak zapatu goizean jokatu eban Urbietan eta 3-0 irabazi eban. 

Andrazkoen Arratia Ak 3-0 irabazi eban joandako zapatu goizean Oiartzun taldearen kontra. Lehen gola, 13 golegaz taldeko pitxitxia dan Irati Artaraz bediaztarrak sartu eban lehen zatiko 18. minutuan. Bigarren zatian Itsaso Kumik sartu eban bigarrena 53. minutuan eta hirugarrena Ainhize Antolinek sartu eban aurkarien atezainaren gainetik gol itzela sartuta. Atzen minutuetan arratiarrak atzean sartu ziran baina aurkariek ez eben etxeko taldea asko estutzerik lortu. 28 jardunaldiren ostean 56 puntu ditu Arratiak eta hirugarren postuan dago. Honek igoera promozinoa jokatzeko aukerea emoten deutsa Igorreko taldeari. Datorren partidua Mulier taldearen kontra jokatuko dau hilaren 27an, eguerdiko 12:00etan.

Partidu batzuk lesionauta egon ostean, partidu osoa jokatu eban Nerea Beitia kapitainagaz egon zan BEGITU partidua amaitu ostean. Hauxe adierazo eban jokalari lemoaztarrak: “Partiduan ondo egon gara. Konzentrauta eta baloiagaz gustura. Badakigu baloia daukagunean asko sortzean dogula eta uste dot partiduan orokorrean eurak baino hobeto egon garela. Egia da lehenengo zatian gola sartu dogunean erritmoa bajatu dogula batez be dueluetan eta bigarren zatian 3-0 ipini garanean be akatsak egin doguzala. Baina partidu polita egin dogu eta garrantzitsuena da hiru puntuak lortu doguzala eta ganera atea hutsean itxi dogula. Oin partidu bi geratuten jakuz eta gure helburua gero eta hurbilago daukagu. Asko disfrutetan gabiz, taldea gogoakaz dau baina argi dogu guk gure beharra egin behar dogula eta bakotxak bere ehuneko ehuna emongo dauala”.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!