musikea

Kontzertu gaua dago gaur Igorreko Kiñu Gaztetxean

Asier Abrisketa 2025ko api. 11a, 10:51

By DONOSTIA KULTURA - Bidehuts: 10 urte, CC BY-SA 2.0, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=64950192

Esanezin, Joseba Irazoki eta Heitxi eta Alain igoko dira Kiñuko oholtzara 21:00etatik aurrera.

Igorreko Kiñu Gaztetxea hamaikagarren urteurreneko egitarauan dago murgilduta april osoan zehar eta gaur, hilak 11, kontzertu gaua dago antolatuta. Hasikera batean Esanezin eta Mandragora taldeak igon behar ziran taula gainera baina atzenak kale egin ostean, Joseba Irazoki eta Heitxi eta Alain batu jakiez Esanezini. 21:00etan zabalduko dira Kiñuko ateak eta sarrerea, borondatearen truke izango da.

Esanezin Ianire Aranzabe altzagaratearraren proiektu musikala da. 2021ean emon ebazan lehen pausoak Aireratzen EPagaz eta 2023an argitarau eben lehen lan luzea, Erretratu bat. Aranzabek abestu eta gitarra akustikoa joten dau baina alboan daukaz Iñigo Asensio (teklatua eta koruak), Arri Iraeta (bateria eta koruak) eta Imanol Rubio (gitarra elektriko). Danek batera, pop lasaia egiten dabe.

Joseba Irazoki barriz, ibilbide luzeko musikari nafarra da, ia hogei disko kaleratu ditu eta kolaborazino ugari egin ditu. Folk, rock eta psikodelia musika estiloen inguruan arituten da, bere jarduna esperimentazinoan oinarrituta. Besteak beste, Duncan Dhu, Mikel Erentxun eta Nacho Vegasegaz jo dau eta Etxeko Uzta-ren taldekidea da, Pettiren bandea.

Heitxi eta Alain barriz, bata abestuten eta bestea gitarreagaz igongo dira Kiñuko oholtzara. Heitxi, Eider Etxeandiaren izen artistikoa da eta aurtengo martian aurkeztu eban bere lehenengo lan luzea: Berreraikitze aroa. Disko honetako kantak eta beste batzuk entzun ahal izango dira gaur Kiñun.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!