musikea

Zapatuan taularatuko dau Arratiako Musika Eskoleak urteroko ipuin musikala

Asier Abrisketa 2025ko api. 4a, 11:21

Igorreko Lasarte Aretoan izango da marrazki bizidunetako abestiakaz osotutako Cartoons zuzeneko emonaldia txanda bitan, 17:00etan eta 19:00etan.

Aprilaren 5ean, zapatua, Arratiako Musika Eskolako ikasleek, irakasleen laguntzeagaz, Cartoons ipuin musikala eskainiko dabe zuzenean Igorreko Lasarte Aretoan. Emonaldi honetan, marrazki bizidunetako film eta telesail mitikoetako abestiak taularatuko ditue. Emonaldiak txanda bi izango ditu. Igorre, Lemoa eta Otxandioko ikasleak 17:00etan igoko dira oholtzara eta Areatza, Artea, Dima, Zeanuri eta Zeberiokoak, 19:00etan.

Osotara, 150 bat ikaslek hartuko dabe parte emonaldi bietan, 75 txandako. Musikariak izango dira nagusi baina koruko hamazortzi ikaslek be kantauko dabe kontzertuan. Ikasleak gidatuteko, hogei irakaslek be egingo dabez musikari lanak, antolakuntza lanetan egongo diranez aparte. Honek erakusten dau, urtero-urtero egiten dan ipuin musikalaren emonaldia zelan hasi dan. Izan be, hasikeran lau eta zazpi urte bitarteko ikasleek bakarrik egiten eben kontzertua, klaseetan egiten dan lana erakusteko.

Baina ordutin, ikasle gehiago, irakasleak, abesleak eta abar batu dira oin, superprodukzino deitu ahal jakon kontzertu honetara. “Ikasturte hasikera bakotxean ilusinoz heltzean deutsegu gaia eta historia aukeratzeari, abestiak aukeratzeari, partiturak egiteari, koreografiak sortzeari, mozorroak aukeratzeari... eta eskolan egiten doguzan kontzertu garrantzitsuenetako bat dala esan geinke. Era berean, urtero barrikuntza bat sartzean saiatzen gara: adibidez, joan den ikasturtean ikasle nagusien bideoak proiektau ziran, historiaren hari nagusi lez, eta aurten be sorpresaren bat egongo da”, dinoe Arratiako Musika Eskolatik.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!