Kiñu Gaztetxeak publikoari ateaz zabaldu eutsozanetik hamaika urte pasauko dira april amaieran eta urtero lez, hau ospatuteko egitarau berezia antolatu dau Igorreko gaztetxeko asanbladak. Gorriz markautako egun bi ditu aprilak; batetik, Kiñu Gaztetxea eta Sabadell banketxea aurrez aurre ipiniko dituan epaiketea egingo da aprilaren 23an Durangoko epaitegietan eta bestetik, XI. urteurreneko jai nagusia hilaren 26an, egun osoko egitarauagaz.
Baina egun horreetaz gainera, beste hainbat ekintza antolatu ditue hil hasikerarako. Lehenengo ekintzak oingo astegoienean izango dira. Hasteko zapatuan, hilak 5, Umeen Eguna ospatuko da 11:00etatik aurrera gaztetxean bertan, graffiti tailerra eta jolas erraldoiak egongo dira umeen gozamenerako. Domekan barriz, hilak 6, Gorbeiara igokerea egingo dabe. Hitzordua 08:30ean da Kiñun, 09:00etan Pagomakurretik oinez urtetako.