Urtero lez, Ganzabal Mendi Taldeak igazko Bilboko Mendi Film Festibaleko pelikuletako batzuk dakarz Igorreko Lasarte Aretora. Sei film aukeratu ditue eta emonaldi saio bi egingo dira, bata oingo barikuan, hilak 21, eta hurrengoa datorren astean, martiak 28; biak hasiko dira 19:30ean. Lehenenengo emonaldian Haize lerroak, Always alive eta Of A Lifetime lanak ikusi ahal izango dira eta datorren barikuko saioan barriz, Jamie, Una mirada atrás, el arte de equipar eta Andrea, an unpaved route.
Haize lerroak
Janire Etxabe eskalatzaile, dokumentalgile eta jantzariak, hamahiru minutuko film honegaz, lau urtetan zehar Euskal Herriko mendi eta baso esanguratsuenetan egin dituan jantza lerroak dokumentetan ditu. "Amets batek, sentimentu batek aldatu leike paisaia? Jantza bertikala probau nebanetik, argi izan neban bide honetatik jarraitu gura nebala. Gure etxean, mendian, hegan, sokan zintzilik, sentimentu mugabako baten etenbako bilaketan”. Euskeraz da, gaztelaniazko azpitituluakaz.
Always Alive
Davina Montaz-Rosset frantziarraren lana 35 minutuko filma da eta Hillary Gerardiren historia dakar. Hillary Gerardi munduko trail lasterketa garrantzitsuenetan distira egiten dauan atleta da. Oin dala urte batzuk istripu izugarri bat izan eban, baina trail runningeko errekorrik entzutetsuena gainditzen saiatu zan: Mont Blanceko errekorra, Chamonixeko eelizatik abiatu, gailurra jo, eta barriro herrira itzuli. Hillaryren balentriak, aldi berean, Heidi Sevestre glaziologoaren diskursoagaz bat egiten dau glaziarren garrantziaz kontzientzia sortzeako.
Of A Lifetime
Jerome Tanoneren Of A Lifetime 44 minutuko pelikulea da eta De Le Rue freerider familiak Antartikara egindako bidaia kontetan dau. Xavier, 7 aldiz munduko txapelduna; Victor anaia txikia, 3 aldiz munduko txapelduna; eta Mila alabea, 18 urte bete eta lehen espedizinoari ekitekotan dana dira protagonistak. Esplorazinoa, abenturea eta belaunaldi aldaketea Antartikako leku ikusgarrian dakar filmak.
Jamie
Martiaren 28an proiektauko dan lehenengo pelikulea 18 minutuko kanadiar filma da, Darcy Hennesseyk zuzendutakoa. Jamie Logan 1970eko hamarkadako mendizale puntakoenetako bat izan zan, lehen igoera ugari egin ebazan Ipar Amerikako hainbat bide gogorretan. Logan alpinista eta arkitekto arrakastatsu, gogor eta kementsuak, 69 urtegaz andra izateko eraldaketea hasi eban, eta oin, 76 urtegaz, mezu hau heldu arazo gura deutse beste trans personei: bizitza ederra izan daitekela, norbere buruagaz errespetuz jokatuz, zintzo izanez eta munduagaz konektatuago egonda.
Una mirada atras, el arte de equipar
Alfonso Garciaren 29 minutuko filmak eskaladan ekipatzeko mundu ezezagunera hurreratzen gaitu. Eskalatzaileen %1ek baino ez dau bide barriak ekipatzen jarduten. Bizitza osoa ekipatzen daroen Euskal Herriko lau eskalatzaile Aritz Aparicio, Guillermo Bañales, Iñaki Marco eta Juan Manuel Hernández dira dokumentaleko protagonistak.
Andrea, an unpaved route
Maxime Moulin frantziarraren 42 minutuko pelikulan Nina Caprez, eskaladaren ikonoa, muturreko kiroletako argazkilaria dan Jérémy Bernard bikotekideagaz, eta euen alaba Liagaz Marokora joango dira Andrea deituriko ibilgailuan. Proiektu oso personala daukie, eta bidean bertako kulturak eta hainbat eskalatzaile ezetuko ditue. Dana dala, bidaiak, eta bizitzaren ustekabeko jira-bueltek, euren poztasunak, kezkak eta nortasun printza sakonak agirian itxiko dabez