lana

Kaleratzeak eta jazarpen sindikala salatu ditue IGURIAko langileek

Asier Abrisketa 2025ko mar. 17a, 11:38

LAB eta ELA sindikatuek deituta, alkarretaratzea egin eben langileek Igorreko lantegiaren aurrean, bederatzi beharginen kaleratzea salatuteko asmoagaz.

Martiaren 13an Igorreko San Juan auzoko IGURIA enpresaren lantegiko ateetan batu ziran langile ugari, LAB eta ELA sindikatuen ekimenez, urtailaren 31an kaleratutako bederatzi beharginei alkartasuna adierazo eta honeen bueltea exijiduteko. Sindikatuek salatu dabenez, jazarpen sindikala dago kaleratzeen atzean. Izan be, LABek salatu dau ERTE prozesuaren kontra lerrokatu ziran langileak izan dirala kaleratuak, LABen ordezkari sindikala tarteko.

"IGURIAK, gainera, une batean edo bestean ERTEaren kontra lerrokatu ziran hainbat langile kaleratzeko aprobetxatu ditu kausa horreek, gure ordezkari sindikala tarteko, jazarpen sindikal argia agerian itxiz"

LABek bialdutako prentsa-oharrean salatuten danez, IGURIAk "ezkutuko EEE" planteau dau eta enplegu.erregulazinoko espedientea martxan ipini barik, legeak baimenduten dauan gehieneko langile kopurua kaleratu dau. LAB kausen inpugnazinoa epaiketara eroatera saiatu zan ERTE prozesuan zehar deitu ziran batzarretan: "Lan Ikuskaritzaren txosten batean auzitan ipinten ziran enpresak alegautako ERTEaren kausak eta horrenbestez, aukera erreala egoan epaiketan ERTEaren kausak baliogabetuteko". Halanda be, gehiengo sindikalak eta enpresearen zuzendaritzak akordioa egin eben epaitegietara ez joateko: "Enpresari eskuak libre itxi jakoz etorkizunera begira, kaleratzeak inolako epairik gabe gauzatzeko".

"IGURIAren plantillaren artean aspalditik egon da mobilizatzeko edo enpresaren bidegabekeriei aurre egiteko beldurra. Enpresak beldur hau baliatu dau ERTEa nahi eban moduan aurrera aterateko, lehenik, eta kaleratze honek inpunidade osoz burutzeko, bigarrenik. Honek ere argi adierazten deusku zein garrantzitsua dan langileen arteko batasuna eta antolakuntza, horiek gabe enpresak esku libreak baititu nahi dauana egiteko"

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!