ernai

Arratietik Indepentziara jardunaldia ospatuko dau Ernaik

Asier Abrisketa 2025ko ots. 6a, 10:59

Eguerditik hasita eta gauera arteko egitaraua antolatu dabe gazteek Igorreko Axular Herriko Tabernan oingo zapaturako.

Gazteon Eskutik izenpean egingo da aurten Ernaik urtero antolatuten dauan Gazte Topagunea Berriozarren, aprilaren 17tik 20ra, eta eskualde guztietako Ernaiko taldeek deialdia egin eta motorrak berotuteko antolatuten daben Independentziara jardunaldiak. Arratiako Ernaik hilaren 8rako, zapatua, antolatu dau Arratietik Independentziara eguna, eguerdian hasi eta gauez amaituko da Igorreko Axular Herriko Tabernan egingo dan egitaraua.

Jardunaldia 12:00etan hasiko da, Izar Zubiaga eta Urko Urrutikoetxeak emongo daben Euskeraz biziko garen Arratie berbaldiagaz. Hau amaituta, 13:30ean Kukuma eta Troka tabernen arteko parkean murala pintauko dabe bertaratutakoek eta gero, bertso-bazkaria dago antolatuta 15:00etarako. Arratiako bertsolari gazteek hartuko dabe parte eta txartelak Axularren eros daitekez hamar eurotan.

Arrastian, 18:00etatik aurrera Kartel Pegada Txapelketea egingo da eta gauez, kontzertuak egongo dira 21:00etatik aurrera. Nekktar eta Aiert taldeak egongo dira entzungai eta gero, MJ Izarren Ahuntzak ipiniko dau jentea jantzan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!