2020ko garagarrilean hasi eban Sabadell Bankuak Igorreko Kiñu Gaztetxea hustuteko prozesu judiziala eta bost urte geroago, tartean Sabadelleko abogaduak aurkeztu ez ziran epaiketa bat izanda, aprilaren 23an izango da behin betiko epaiketea. Kiñu Gaztetxeko asanbladeak komunikadu baten bitartez azaldu dau egoerea eta hilaren 21erako, barikua, deitu dau epaiketearen kontrako manifestazinoa.
Garbe auzoko eraikina, Sabadell Bankuarena da jaubetza legalez baina oin, gazteak bertara sartu ziranetik hamaika urte pasau diranean, gazteak "herrian antolakuntza alternatiborako beharrezkoa dan espazioa" defendiduteko hautua hartu dabe: "Argi itxi gura dogu ez garela belauniko geldituko, eraso honeek ez dirala erantzun barik geldituko". Holan, burrukea antolatuten hasiak dirala argitu dabe: "Gune okupau eta autogestionatuonganako erasoak handituten diran moduan, gu be bagabiz saretuten eta gure amorrua zein alkartasuna antolatuten".
Zezeilaren 21ean egingo dan manifestazinoaz gainera, zehaztu dabe epaiketa egunera arte beste deialdi batzuk egingo dirala eta beraz, sareetara adi egotea eskatu dabe: "Amaierara arte dana emongo dogu eta zu be gure ondoan egotea behar dogu!".