Urte Barri Oi! jaialdiaren bigarren edizinoa bihar, hilak 18, ospatuko da Igorreko Kiñu Gaztetxean. Punk eta oi! musikearen inguruko zazpi talde batuko ditu jaialdiak: Estutu, Perlata, Arene 6, Galazota, Streetwise, Neskatasuna eta Azken Sustraiak. Gaztetxeko ateak 16:30ean zabalduko ditue eta antolatzaileek Kiñu betetea espero dabe, sarreren %95a saldu da-ta Igorre, Elorrio eta Algortako tabernen artean. Dagozan sarrera gitxiak, bertan salduko dira.
Gaur, hilak 17, barriz Jaione Martinez Saez de Maturana, Ane Garai Arrieta eta Maialen Oleaga Perlata taldeko kideek idatzi eta zuzendutako filma, Punkaren beste aldea ikusteko aukerea izango da 19:30ean. Dokumental biografikoa da, Arrasateko Jesusi Etxebarriaren bizitza eta harek Arrasateko musika eszenari egindako ekarpena kontetan dauana. 50 urtez ibili zan musikako klaseak emoten; musika hezkuntza, pianoa, gitarrea, bajua... erakutsi izan dau 70 urtegaz jubilau zan arte. Perlata musika taldeko kideen irakaslea izan zan. “Punkak ez dau mugez eta patroi sozialez ulertzen eta Jesusik hala erakusten dau. Musikea pasinoa da eta norbere bidea bakarra eta autentikoa”.
Taldeak
Estutu taldea, 2018an, Elorrion hasitako proiektua da. Bere hastapenetan boskote moduan aurkeztu zan arren, gaur egun lau partaidek osatzen dabe taldea, Mario (bateria), Andoni (baxua), Andu (gitarrea) eta Aimar (ahotsa). 2021. urtean kaleratu eben lehen lana, Errebeldia hasi da izenekoa, punk oi eta punk rock doinuek osotutako diskoa. 2024an Gure hautua izenekoa grabau eben Aitor Ariñoren eskutik Lorentzo Recordsen. Tartean, beste hainbat abesti solte azaleratu ditue, proiektu desbardinetan parte hartuz.
Perlata taldea, 2015an sortu zan Arrasaten. Maialen, Ane, Jaio eta Txerrak osotuten dabe gaur egun Perlata, eta KuirPunk moduan aldarrikatzen dabe egiten daben musikea. Musika talde bat baino gehiago, sorkuntza espazio moduan definiduten dira. Musika zuzena, kritika sozialak eta letra gordinak nahasten ditue, inguruan daukien errealidadeari eta errealidadetik sortuz. Etenik bako gerran kokatzen dira normaren kontra, normaltasunak apurtu eta eradaltzeko helburuagaz.
Arene 6 Punk Oi! musika taldea 2019an sortu zan Algortan, Erasoka taldeak joteari itxi eutsanean. Ibon (ahotsa) eta Iñaki (bateria) musikan jarraitzeko gogoa eukien, eta proiektu hau sortzea ebatzi eben. Gitarra-jole bi Jokin (Smoking Barrels) eta Jon; eta baju-jotzaile bat Koldo, (Garrasika) gehitu ziran taldera gero. Taldeak disko luze bat argitaratu dau Errautsetatik (2022) eta EP bi ditu kalean. Baita hainbat single be.
Galazota talde arratiarrak be joko dau Urte barri oi! jaialdian. Aitor Yurrebaso arantzazuarrak, Oier Barrenetxea eta Mikel Zarrabe igorreztarrek, Jon Pelaez dimoztarrak eta Mikel Egiluz galdakao-zeanuriztarrak osotuten dabe taldea. 2021ean argitaratu eben Etxera! lehen kantea eta 2022an hasi ziran oholtzetara igoten. 2024an, Heldu orduko usteldu sei kantuk osotutako EPa kaleratu eben.
Streetwise taldea 2017an sortu zan Iruñean eta 2019an kaleratu eban bere lehenengo diskoa 11 kantugaz. Ibon (ahotsa), Adri (bajua eta koruak), Jon (bateria eta koruak) eta Aritz (gitarrea) dira taldea osotuten daben musikariak. Arene 6 taldeagaz batera, Split 12” kantu biko albuma kaleratu eben 2023an. Egia ala Gezurra (2021) EPa eta Streetwise (2019)albuma be dabez argitarauta.
Iratxek, Luciak, Kolorinek eta Kamik osotuten dabe Azkoiengo (Nafarroa) Neskatasuna taldea. Taldea 2022an sortu zan Ager Vasconum bere lehenengo lanagaz. 2024an, Cicatrices del futuro Digipack formatuko lana kaleratu eben. Albumak, estudioan grabautako 10 kantu ditu.
Beasaingo Azken Sustraiak punk-Oi! eta punk-rock taldea 2017an sortu zan Xabi (gitarrea), Mendilu (bajua), Unai (bateria) eta Agirreren (ahotsa) eskutik. Lau disko ditu kalean: Azal berri bat (2017), Utopian gara aske (2019), Fza Bol. 1-6 (2021) eta Goierri (2023).