Atzo jokatu zan Aiarako Ibarguengo kirolgunean Euskadiko Ziklo-kros Txapelketea aurreko astean Gorlizeko lasterketan gertatu zan antzera, arratiar txirrindulariak izan ziran protagonista Master 50 kategorian. Aitor Hernandez eta Maider Olano izan ziran proba nagusiko txapeldunak baina 50 urtetik gorako kategorian, Igorreko Manu Quintanilla izan zan arinena 38:21ko denporeagaz.
Lehen postuetan, lehia handia bizi izan zan domekako lasterketan. Izan be, minutu bateko aldeagaz ailegau ziran helmugara lehenengo laurak. Euren artean, Iñaki Parada bediaztarra izan zan bigarren 38:36ko denporeagaz eta Javier Santos arabarrak osotu eban podiuma, ibilbidea 38:59-an eginda. Juan Lazpita dimoztarrak, eskura izan eban hirugarren postua baina atzenean, hamazazpi segundo atera eutsozan Santosek.