ernai

Alkartasun jaialdia antolatu dau Ernaik barikurako

Asier Abrisketa 2024ko abe. 11a, 18:21

Igorreko Axular Herriko Tabernan egingo da Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aldeko protestetan arratiar militanteek jasotako isunak ordaintzeko jaialditxoa musika eta hamburgesakaz.

Abenduaren 13an, barikua, Elkartasun Jaialdia antolatu dau Arratiko Ernai ezker abertzalearen gazte antolakundeak Axular Herriko Tabernan. Iluntzean, 20:00etatik aurrera zuzeneko musikea eta pintxadea egongo da. Gainera afariak ipiniko ditue eta ateraten dan dirua Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aldeko protestetan isundutakoei lagunduteko izango da.

Zuzeneko musikea kontzertu akustikoa izango da, Amaiur eta Haritzen eskutik. Abesti ezagunakaz, kantetako giroa sortuko dau bikoteak gitarra eta ahotsagaz. Hau amaituta, jantzan ipiniko dau jentea MANGUAL bikoteak, binilo pintxadeagaz 22:00etatik aurrera. Tartean, afariak be zerbitzauko dira, hamburgesak hain zuzen be, 21:00etatik 23:00etara.

Isunei aurre egiteko

2023ko urri lehenengoan Ernaik Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren kontrako espetxeratze agindua salatzeko protestak egin ebazan Bilbon eta Gasteizen. Bertan, Ertzaintzak 133 militante identifikau ebazan eta Mozal Legea aplikauta, 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak ipini eutsiezan, 290.500 euro guztira. Arratiako Ernaiko kideak be egon ziran bertan eta euretako hamarrek jaso ebezan isunak, 24.000 euro guztira. Orduan, isunak "gazteria independentista zapaldu eta erasotuteko" helburuagaz izan dirala azaldu eutsien Ernaitik BEGITUri. Holan, isunduek banan-banan salatu dabe Eusko Jaurlaritzea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!