txirrindularitzea

Nazinoarteko zein bertoko 300 txirrindularik hartuko dabe parte Igorreko XLVI. Ziklo-krosean

Asier Abrisketa 2024ko abe. 5a, 18:04

Domekan 09:00ak eta 13:15ak artean jokatuko dira Olabarriko zirkuituan master, kadete, junior, elite eta sub23 kategorietako lasterketak.

1977an egin zan Igorren lehenengoz ziklo-kros lasterketea eta aurtengoa, berrogeta seigarrena izango da, Arratiako Ziklista Elkarteak antolatuta. Domekan, abenduak 8, Euskal Herriko zein Europako beste nazinoetako 300 txirrindularik hartuko dabe parte Igorreko XLVI. Ziklo-krosean. Euren artean dagoz Yorben Lauryssen belgiarra, Marcel Meissen alemaniarra eta Noemie Garnier eta Gwennig Le Dantec frantziarrak beste izen entzutetsuen artean. Bezperan jokatuko dan Txiki Kopako probea kontuan hartuta, 600 txirrindulari egongo dira astegoienean guztira, inozko probarik handienean.

Olabarri auzoko landetan prestatu dan zirkuituan, goizeko 09:00etan hasiko dira lasterketak. Master kategorietako gizonak izango dira lehenengoak; 10:00etan, Master andrazkoak eta Kadete andra eta gizonen lasterketak izango dira. Ostean, 10:45ean, ordura arte egindako lasterketetako sari banaketea egongo da. Hurrengo lasterketak Junior mailakoak izango dira, 11:00etan, andrak eta gizonak, eta ostean, 12:00etan, hasiko dira lasterketa nagusiak, nazinoarteko txirrindulariak ekarriko dituenak, Elite eta Sub23 mailakoak. 12:00etan, Elite eta Sub-23 andrazkoak lehiatuko dira eta 13:15ean, gizonak. Junior eta Elite eta Sub23 mailako lasterketetako irabazleek sariak jasoko dabez 14:30ean.

Leire Aurrekoetxea, AZEko presidentea: "Txirrindularitzan mobidu diranak eta mobiduten diranak danek daukie egun hau gordeta hona etorteko. Igorrek jarraitzen dau ziklo-kroseko marka bat izaten“.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!