musikea

Galazota taldeak diskoaren aurkezpena egingo dau barikuan

Asier Abrisketa 2024ko aza. 21a, 12:36

Heldu orduko usteldu diskoaren aurkezpena barikuan egingo da Troka tabernan, Bulkada taldeagaz batera eskainiko dan kontzertuan.

Galazota talde arratiarrak Heldu orduko usteldu diskoa argitaratu barri dau eta hau jentaurrean lehenengoz aurkeztuko dau zemendiaren 22an, barikua. Horretarako, kontzertu gaua antolatu da Igorreko Troka tabernan, Bulkada taldeagaz batera, 22:30etik aurrera. Talde biak dabiz punk-oi musikearen inguruan. Bertan,Galazotaren Heldu orduko usteldu diskoaren sei abestiak entzuteaz gainera, taldearen lehen single-akaz gozatuteko aukerea  be egongo da.

Galazota taldea Aitor Yurrebaso arantzazuarrak, Oier Barrenetxea eta Mikel Zarrabe igorreztarrek, Jon Pelaez dimoztarrak eta Mikel Egiluz galdakao-zeanuriztarrak osotuten dabe. 2020an hasi ziran alkartuten baina pandemia medio, 2021ean argitaratu eben Etxera! lehen kantea eta 2022an hasi ziran oholtzetara igoten. EP barriagaz, aurten barriro ikusi ahal izango doguz gitarra eta bateriari astinduten.

Bulkada barriz, 2023an sortu zan Sakanako taldea da. Pello Altzelai (bateria), Ander Gasko (abeslaria), Ander Cocera (baxua), Oihan Arana (gitarra) eta Aitzol Gainzarain (gitarra) dira taldekideak. Galazotak moduan, aurten argitarau dabe euren lehen lau kantako EPa, Doinu ozenena.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!