erakusketea

Pia Alvero argazkilariak erakusketea inaugurauko dau Igorren

Asier Abrisketa 2024ko aza. 20a, 13:09

Pia Alvero, kamarea eskuan.

Bizitzaren leihoa - Mina indar bihurtu erakusketea barikuan ingaugurauko da Igorreko Kultur Etxean, 18:00etan.

Andranganako Indarkeriaren aurkako Nazinoarteko Egunaren, zemendiak 25, harira Arratiako Mugimendu Feministeak antolatutako ekintzen artean, Pia Alveroren Bizitzaren leihoa - Mina indar bihurtu argazki artistiko emozionalen erakusketea dago. Erakusketea hilaren 22tik abenduaren 5era egongo da ikusgai eta lehen egunean, barikua, inaugurazinoa egingo da 18:00etan, argazkilariaren parte hartzeagaz.

Erakusketearen oinarria bizitzako oztopoen gainditzea da, argazkilariaren esperientzia pertsonalean dago zuztertuta. Hau idatzi dau Alverok honen inguruan: "Inoiz bizi izan dozun amesgaiztorik txarrenari bueltea emotea konplexua da, lortzea arrakasta da. Bakarrik lortzea oso zaila da, batzuetan ezinezkoa be badirudi. Laguntza eskatzea eta behar dozunean zeure buruari laguntzen ixtea be arrakasta da. Oso garrantzitsua dan zeozer gehituko dot: laguntza eskatzen dabenak erreskatatzeko gure eskuak epaiketarik gabe luzatzea arrakasta izateaz gainera, jakinduria eta adeitasuna be bada. Eskerrik asko helduleku izan dodazan luzatutako esku guztiengatik! Gero eta ahaldunduago, eutsi nahi dauanari nirea luzatzeko prest!".

Pia Alvero

Pia Alvero ezaguna da herrian, oin dala urte batzuk margolaritza tailer bat zabaldu eban Igorren eta gero, argazkilaritza estudioa be izan eban Lehendakari Agirre kalean. Gero Nafarroara mobidu zan eta biolentzia matxistea sufridu izan dau tartean, erakusketan be isladatu dauana. Holan, "argazkilari sutsu, ama biziraule eta ekintzaile nekaezin" lez definiduten dau bere burua. "Nire bizitza erronka-zurrunbilo bat" izan dala be badino, baina "argazkigintzarekiko pasinoaren bitartez, ahalduntze eta erabarritze iturri agortezina aurkitu" dauala be badino. Sufridutako biolentziaren inguruan, zera espero dau: "Espero dot nire esperientziak beste andra batzuk inspiratea, uko ez egiteko, beren ametsen alde borrokatzen jarraitzeko eta merezi daben oreka aurkitzeko".

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!