Kiñu GZTX

XI. Rokupa antolatu dau Kiñuk gaztetxearen okupazinoaren hamaikagarren urteurrenean

Asier Abrisketa 2024ko aza. 14a, 12:01

Zinkha eta Mikosis taldeak eta MJ Izarren Ahuntza egongo dira zapatuan Kukuma eta Herriko tabernen artean ospatuko dan jaialdian.

2013ko zemendia amaieran sartu ziran lehenengo gazteak gaur Kiñu Gaztetxea dan eraikinean, oin hamaika urte. Gaztetxearen urteurrena aprilean ospatuten bada be, orduan zabaldu ebazalako ateak, zemendian beti egin da Rokupa jaialdia Igorreko tabernetan gaztetxea kaletik sortu zala gogoratuteko. Zapatuan, hilak 16, izango da jaialdia "kaleak okupasinoz josi" lelopean eta kontzertu bana egongo da Kukuman eta Axular Herriko Tabernan. Horrezaz gainera, gauean MJ Izaren Ahuntzak ipiniko dau musikea Herrikoan.

Joko dauan lehen taldea Zinkha izango da, 19:30ean Kukuman. 2023ko urtailean Aiaraldean sortutako rock taldea aurtengo aprilean hasi zan zuzenekoakaz eta uda osoan oholtzaz oholtza ibili ostean dator Igorrera. Irati (abeslaria), Ilazki (baxua eta ahotsa), Ortzi (bateria), Ekhiotz (gitarrea eta ahotsa) eta Erik (gitarrea) dira taldekideak.

Gero, Axular Herriko Tabernara mobiduko da giroa, 21:00etan hasiko da-ta Mikosis taldearen kontzertua. 2021ean lau neskek sortutako proiektu batetik jaiotako taldea da Mikosis; Garazik (bateria), Carlak (baxua), Maitek (ahotsa) eta Ane Meik (gitarrea) osotua. Rock talde bat, post-punk eta alternatibotik ere edaten duena. Galdute izeneko lehen single-arekin beraien proiektuari hasikerea emon ostean, Kontrolik barik EPa kaleratu barri dabe.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!