Barikuan, hilak 15 20:00etan, Una letra impagada-Ordaindu gabeko letra bat Blas de Oteroren poesiaren antologia elebiduna, aurkeztuko da Igorreko Kultur Etxeko Lasarte Aretoan. Bertan egongo da Jose Fernandez de la Sota, Blas de Otero Fundazinoko presidentea. Poesia hegalaria taldekoek, antologiako poesien errezitaldia egingo dabe euskeraz.
El Gallo de Oro argitaletxeak argitaratu ditu Blas de Oteroren (Bilbo, 1916-Majadahonda, 1979) poemak euskeraz lehenengoz. Poeta sozialaren bete bako nahia zala dinoe. Izan be, “ordaindu bako letrea zan beretzat ostendu jakon eta inoz euki ez eban ama hizkuntza: euskerea”. Blas de Otero bizirik zala, bere laguna Gabriel Arestik itzuli eban poemaren bat. Jose Fernadez de la Sotak gauzatu gura izan dau poetearen desira hori eta horrem emaitza aurkeztuko da Igorren. Euskal idazlerik onenak euskeratu ditue poemok: Gabriel Arestik, Bernardo Atxagak, Joseba Sarrionandiak, Miren Agur Meabek, Gerardo Markuletak, Felipe Juaristik, Leire Bilbaok, eta Kirmen Uribek, beste batzuen artean, hain zuzen be.
Beste alde batetik liburua oso biografikoa dala dino Pablo Cabañas Poesia hegalaria taldeko kideak. Blas de Oterok berak itxitako argazkiakaz ilustrauta dago eta bertan poetaren bizitzako hain ezagunak ez ziran zehaztasunak ikusi daitekez; “gaztetan pelotan jokatutea gustetan jakola” esate baterako.
Poesia hegalaria
Pablo Cabañas, Irune Elexpe, Ana Juez, Carmen Martinez, Idoia Carramiña eta Javier Arnaiz Poesia hegalaria taldeko rapsodek deklamauko dabez Oteroren poemak euskeraz, Alberto Egia musikauta. “Lehenengo aldia da, Blas de Oteroren poemak euskeraz entzun ahal izango dirala. Eta Igorren izango da” dino Irune Elexpe Poesia hegalaria taldekoak.