Garbeko Azokea bailarako zaharrenetarikoa da, 1975ean egin zan lehena eta oingoan, berrogeta laugarren edizinoa ospatuko da. Domekan, hilak 13, 10:00etatik aurrera beteko da Garbeko aparkalekua saltzaile eta eroslez, baserri mundua auzora hurbilduta. Aurten 31 ekoizle egongo dira ortuariak, gaztaia, ogia, pastelak, kontserbak eta abar saltzean. Gainera, hainbat artisau be egongo dira.
Azokearen inguruan aukera desbardinak be egongo dira. Urtero lez, herri-kirol erakustaldia egongo da 12:00etan. Julen Mendieta lemoaztarra eta Xabier Garcia "Utxu" dimoztarra azkoran ibiliko dira eta Jose Martin Bustinza "Tubi" dimoztarra lastoa altxetan eta botaten.
Aurtengo barrikuntzea arku-tiroa egiteko aukerea izango da. Azoka alboko landan, 10:30etik 12:00etara, postua egongo da kirol hau probetako. Postua Arkulariak Elkarteak ipiniko dau eta interesa dabenak bertara hurbildu ahalko dira.