faxismoa

Igorren pegatina faxistak ipini dituela salatu dabe

Asier Abrisketa 2024ko ira. 19a, 11:32

Nazionalista, tradizionalista eta etorkinen kontrakoa dan Arbasoen Mendekua erakundeak sinatuta dagoz pegatinak.

Arratia & Txorierri Villagers Athletic zaleen Instagram kontutik salatu dabenez, Igorreko Garbe auzoan Arbasoen Mendekua taldeak sinatutako pegatina ugari agertu dira. "Islamizaziorik ez", "Euskal Herria euskaldunontzat" eta "Iraultzailea ez da alferrik erortzen" mezuak irakurri daitekez eransgarrietan. Pegatina gehienak kenduta edo tapauta dagoz daborduko.

Arbasoen Mendekua taldeak urtebete inguru daroa Euskal Herrian, "abertzaletasuna eta nazionalismoa berreraiki" lelopean propagandea egiten, etorkinen eta multikulturalismoaren kontra lerratu dalarik. Telegram kontu bat dabe, gaur 310 kide dituana, eta bertatik zabaltzen ditue etorkinen, LGTBIQ+ mobimentuaren, ekintzaile ekologikoen eta kultura aniztasunaren kontrako mezuak, besteak beste. Holokaustoa dudan jartzen daben mezuak ere irakurri daitekez bertan.

Arbasoen Mendekua taldearen Telegram kontuan gainera, manifestua be argitaratu dabe, hainbat idea azpimarratuz. Euskerea Euskal Herriko hizkuntza bakarra izatea eta euskal kulturea eta tradizinoak buztartzearen alde egiten dabe, baina euskal etnia edo arrazan fokua jarrita. Holan, "immigrazinoak, multikulturalismoak eta globalizazinoak" euskal identidade nazinonala arriskuan jartzen dabela defendiduten dabe, eta honeen kontrako iraultzarako deia zabaltzen dabe. Beste alde batetik, euskal familia tradizionalaren eta jaiotza-tasa handitzeko politikak bultzatzen ditue, LGTBIQ+ mobimentuaren kontra eginda.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!