Igorrek Inbiu, euskerearen eguna, ospatuko dau datorren zapatuan

Bea Azpiri 2024ko ira. 19a, 09:46

Inbiu eguna, 2018an

Zapatuan, hilak 21, ospatuko da Igorreko Euskerearen Inbiu Eguna. Aurtengo erronka euskerearen aldeko giza mosaiko erraldoia egitea da, alkarte, ikastetxe eta biztanleen partaidetzeagaz eta Zuztertxu eta galtzagorrien laguntzeagaz. Eingo eta Orkresta Elektrotunaren musikeak girotuko dauz kaleak.

KtK Xare kooperatibearen eskutik, igorreztarrek euskerearen aldeko giza mosaiko erraldoi bat egingo dabe, alkarteen, ikastetxeen, biztanleen eta hurreratzen dan guztien laguntzeagaz. Letraz osotutako mosaikoak euskerearen aldeko esaldi bat sortuko dau, eta Igorreko Lehendakari Agirre kaleko lehen zatian egingo da berau.

Jaia, Igorren euskerearen ikur dan Zuztertxuk eta lau galtzagorrik alaituko dabe. Eurekaz batera Eingo trikitixa eta musika eskolako hainbat kidek be girotuko dabe topaketea.

Parte hartzeako modalidadeak
Giza mosaikoan parte hartzeako hainbat modu dagoz. Arratiako alkarteek eta Institutuak mosaikoko letrak sortuko dabez koloretako orriakaz. Ikastetxeak, jubiladuak eta beste kolektibo batzuk, barriz, esaldiaren kanpoko dekorazinoaz arduratuko dira, burua orri zuriz estaliz. Gainerako jentea, esaldiaren kanpokaldea egongo da eta jaietako zapiakaz edo eskuak altxauta apainduko dabe goitik grabauko dan irudia. Izan be, kale mailan kamarakaz eta zerutik drone bategaz grabauko da ekitaldian, ondoren komunikabideetan, webguneetan eta sare sozialetan zabalduteko.

Giza mosaikoa egin ostean, Inbiu jaiak herri bazkari bategaz eta Eingo taldeak girotutako musikeagaz jarraituko dau.Zuztertxu, galtzagorriek eta Eingok musika joz, lagunduko deutsee parte hartzaileei kalejira baten, giza mosaikoa egindako lekutik, bazkari herrikoia egingo dan guneraino, eskolako aterpera, hain zuzen be. Bazkalostean, 16:30ean, Eingok emonaldia eskainiko dau aterpean bertan eta 18:30ean, Orkresta Elektrotunak plazatik herriko kaleetara eroango dau musikea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!