Oskar Garro txirrindulari paralinpiko igorreztarra aurten hasi da duatloi eta triatloietan lehiatzen. Oin arte jokatutako txapelketa garrantzitsuena izan dau astegoien honetan, Valentziako La Marina portuan jokatu dan Espainiako Triatloi Txapelketa Paralimpikoa. PTS2 Maskulinoa mailan lehiatu da Garro eta lautik, hirugarren izan da igorreztarra 01:28:57ko denporeagaz. Lasterketa honegaz, Garrok amaitutzat emon dau aurtengo denporaldia eta datorren urtean be, duatloi eta triatloietan lehiatzeko gogoak agertu dauz, txirrindularitzan segiduteagaz batera.
Garroren aurretik, lehen postuan, Lionel Valentin Morales Gonzalez kanariarra egon zan, 01:07:31ko denporeagaz eta bigarrena Javier Vergara Rubio ibizarra izan zan, 01:18:34ko denporeagaz. Garrok hamar minutu gehiago behar izan ebazan eta kategoriako atzena Raul Llamazares Rodriguez madrildarra geratu zan, 01:45:28ko denporeagaz.
Triatloia hiru probatan banatu zan, 750 metro uger, 20 kilometro bizikleta eta 5 kilometro galapan. Lehen proban, "espero baino hobeto" urten bazan be, distantzia handia atera eutsien lehenengo biek. Bizikleta gainean be, oso ondo ibili zan zirkuitu lauan baina bigarren birearen ostean "apur bat behera etorri" zan, esfortzua "erregulau" ostean barriz, indarrak berreskuratu ebazan korrikan hasteko. Udan bizikleteagaz jausi zalako galapan askorik entrenau ezin izan dauanez eta Valentzian zapatu eguerdian egin eban beroagaz, ezin izan eban denporea berreskuratu.
Halanda be, Garrok azpimarratu dau "oso pozik" dagoala hirugarren postuagaz. Kontuan hartu behar da, aurreko astean Sestaoko Triatloian distantzia bardinak egin ebazala eta ordutik, 13 minututan bajatu dauala markea.