FUTBOLA

Euskal Herria Kopako lehen partidua galdu dau andrazkoen Arratia Ak

Erredakzinoa 2024ko abu. 19a, 09:15

Nerea Iza, arratiarren lehen gola sartu eban jokalaria.

Domeka arrastian jokatu eban Arratia Ak Añorga taldearen kontra eta 2-3 galdu eban Urbietan.

Aurredenporaldiko lehen partidua 0-2koagaz heldu zan atsedenaldira, kanpotarrak nagusi izan ziran lehen zatian. Bigarren zatian ostera etxeko taldeak hamaika jokalariak aldatu ebazan eta itxura hobea erakutsi eban. Bigarren zatiko 25. minuturako bina bardindutea lortu eban Igorreko taldeak Nerea Izaren eta euren atzelari batek bere atean sartutako golei esker. Partidua amaitzeko dagoala ostera, etxeko jokalariek penaltia egin eben eta 2-3koa sartu eban Añorgak.

Arratiak plantilla luzea daukala aurten ikusi ahal izan genduan, 22 jokalari erabili ebazalako, Bizkerre A taldetik etorritako Jon Gonzalez “Peli” entrenatzaile barriak eta beste jokalari batzuk ez eben parte hartu. Aurredenporaldia A taldeagaz egiten dabilen jokalariren bat Arratia B taldean amaituko dauala be aurreikusten da.

Kopako datorren partidua, abuztuaren 21ean, eguaztena jokatuko dabe Urbietan Bizkerre B taldearen kontra arrastiko 19:30ean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!