Zapatu arrastian jokatu zan Arratia Ziklista Elkarteak urtero antolatuten dauan sankristobaletako txirrindulari lasterketea. Ia 100 txirrindulari gaztek hartu eben parte, 55 kilometrotan Igorretik Zeanurira joan-etorri bi egin ebazan karreran. Irabazlea Gaizka Lopez izan zan, Invitec-Iturribero klubekoa. AZEk ez eban talde propiorik aurkeztu, baina egon ziran arratiarrak be. Dromedario-Flotamet taldean egoan Arratiako lehena, Zeanuriko Markel Gorostizagoiza (14). F2 Informatika taldean barriz, Igorreko Peio Legina (26.), Ekhi Atutxa (62.) eta Izei Zuluaga (amaitu barik).
Leire Aurrekoetxea AZEko presidenteak jardunaldiaren balorazinoa egin dau, "oso pozik geratu gara". Aurten, lasterketa ez da San Kristobal auzotik pasau, "arrisku gitxiagoko" proba bat planteau gura ebelako. Izan be, udan kadete askok ez ditue lasterketak amaituten eta aurten proposatutako ibilbidea hau ez gertatzeko egin zan: "Holan izan da, gehienek amaitu eta pilo bat heldu ziran sprint-era". Beste alde batetik, karrerea arrastiz egitea Federazinoaren, eta ez klubaren, ebatzia dala azpimarratu dau Aurrekoetxeak.
Betiko lez, AZEko presidenteak esker bereziak emon ditu antolakuntzarako aurkeztu ziran 50 boluntarioentzako. Bereziki lasterketea udan, arrastiz, beroagaz eta oporretan izanda. Gainera, pozik agertu da gazte barriak be agertu ziralako. Laguntzaileen artean, arpegi ezagunak be egon ziran. Lehenengoz hiru txirrindulari profesional ohi batu ziran-ta: Iban Mayo, Joserra Uriarte eta Mikel Zarrabeitia.