Mahai gainean aspalditik egon da Igorreko udaletxe alboko frontoiari estalgia ipinteko proiektua. Oin, diseinu fasean dago eta arkitektuek estalgiarentzako diseinu bi proposatu ditue. Beraz, Igorreko Udalak galdeketea abiatu dau, herritarrek euren gustoko diseinua aukeratu dagien. Desbardintasun nagusia, eregiteko erabilitako materialen aukeraketan dago; batean zura da nagusi, bestean metala. Pelotalekua estaltzeaz gain, umeentzako jolas gunea be tapauko dau teilatu barriak.
Estalgia ipintearen arrazoia, euria danean kirola egiteko aukerea egoteaz gainera, mota guztietako ekitaldiak egin ahal izatea da: kontzertuak, antzerkiak... Horretarako, proposamen biek soinua xurgatzen daben panelak ditue ekitaldien akustikea hobetuteko. "Urte osoan zehar frontoian antolatu beharreko jarduerak asko zabaltzeko aukerea emongo deusku", dino Olatz Urkiza alkateak.
Bozkatzeko aukerea
A eta B proposamenen artean bozkatzeko, Udalak sei informazino-panel jarri ditu Kultur Etxean. Garagarriletik urri lehenengora, bertan galdetegi labur bat bete ahal izango dabe igorreztarrek. Behin diseinu irabazlea jakinda, Udalak proiektua gauzatzeko lanak lehiaketa publikora aterako ditu.