AZE Arratiako Ziklista Elkarteak berrogei urtetik gora daroaz sankristobaletan kadeteen txirrindularitza lasterketea antolatuten. Aurtengoan, San Kristobal auzotik pasauko ez dan arren, garagarrilaren 6an egingo da lasterketea. Zapatuan, 16:30ean urtengo dira txirringulari gazteak Garbetik, 55 kilometro egin eta barriro bertan amaituteko.
Ibilbidea zirkularra da, Zeanurira joan-etorri bi egingo ditue eta txirrindulariek. Bigarren bueltan Undurragako presatik pasau eta Barazarreko bidetik itzuliko dira. Tarteko helmuga Igorren izango da lehenengo itzulian, eta mendiko saria 35. km inguruan, Barazarreko errepidera sartzerakoan.
AZEk talde propiorik aurkeztuko ez dauan arren, hainbat txirrindulari arratiar egongo dira. F2 Informatika taldean, Igorreko Peio Legina, Ekhi Atutxa eta Izei Zuluaga dagoz, baita Lemoako Manex Etxebarria be. Dromedario-Flotamet taldean barriz, Zeanuriko Markel Gorostizagoiza egongo da. Guztira, 90 bat txirrindularik hartuko dabe parte, Hego Euskal Herriko herrialde guztietakoak.