musikea

'Anbototik Gorbeiara' taularatuko dabe Arratia eta Elorrioko musika eskolek

Asier Abrisketa 2024ko eka. 21a, 13:13

Zapatuan, 19:00etan, izango da Kepa Junkeraren omenezko kontzertua bertso, jantza, kirol eta magiagaz aberastuta.

Bihar, hilak 22, Arratiako eta Elorrioko musika eskolek landutako Anbototik Gorbeiara kontzertu-ikuskizuna egongo da ikusgai Igorreko Lasarte Aretoan, 19:00etatik aurrera, saio bitan. Kepa Junkeraren omenezko ikuskizuna izango da eta Junkera be, bertan izango da. Konbiteak musika eskolakoen artean banatuko dira eta lekua egon ezkero, publiko orokorra sartu ahalko da.

Gorbeia Ensemble Arratiako ikasleek eta Besaide Band Elorriokoek prestatu eta taularatu ditue piezak eta ikuskizuna aberasteko, Aitzol Atutxa azkolariaren erakustaldia, Nerea Zuloagaren sorkuntzak, Areatzako Betik Gazte taldearen jantzak eta Dimako Bertso Eskolakoen bertsoak egongo dira. Ikuskizunaren aurkezlea Eleder Iglesias izango da eta emonaldia bideratzeaz gainera, magia be ekarriko dau taula gainera.

Musika eskolako ikasleentzako erronka bat izan da ikuskizuna prestatutea: “Ikuskizun profesional bat zelan egiten dan bizi eta berau prestatuteko egin behar dan aurreko lan guztia ikasiko dabe; lagun barriak be egingo ditue bidean, ziur”. Holan, lehen emonaldia izango da biharkoa baina beste bat egingo da Elorrion, Gorbeiatik Anbotora izenpean.

Kepa Junkera Arratian

Lehen edizino honetan Kepa Junkera omenduko da. Izan be, Junkerak badauka Arratiagaz loturarik. Zeanuriko trikitixa txapelketa irabazteaz gainera, Arratian trikitia irakasten be urteak emon ebazan eta bere ekarpen itzela eskertu gura deutsie musika eskola biek. Horrexegaitik bere errepertorioak leku berezia izango dau emonaldian.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!