txirrindularitzea

Oskar Garrok bigarren amaitu dau Espainiako Kopa Paralinpikoa

Asier Abrisketa 2024ko eka. 12a, 10:29

Bost jardunalditik hiru irabazi eta bat bigarren postuan egin baditu be, batera ez aurkezteagaitik, ez dau Kopea irabazteko behar beste punturik lortu.

Oskar Garro txirrindulari igorreztarra A Larachan (Galiza) izan da atzen astegoienean, Espainiako Errepideko Kopa Paralinpikoko atzen jardunaldiak lehiatzen. Lasterketa bi jokatu ebazan, zapatuan bigarren eta domekan lehenengo amaitu ebalarik. Egindako lanagaz "oso pozik" dagoan arren, jardunaldi batera ez aurkezteagaitik, bigarren postuan amaitu dau Kopako sailkapen orokorra. 

Zapatuan lehiatutako lasterketan, zirkuituari ordu bat gehi itzuli bat egitea zan probea. Oin dala aste bi lehiatutako lasterketara gaixorik aurkeztu ostean, "arantzea kentzeako" balio izan eutsan lasterketa honek, "oso oso ondo" ikusi zalako errepidean. Luis Javier Arcega izan zan bere aurkari nagusia, eta Garro harro agertu da bere kategoriako kirolari garrantzitsuenaren erritmoa jarraitu ahal izan ebalako. Lasterketa osoan egon ziran lehia estuan baina atzenean, Arcega aurreratu zan gitxigatik.

Domekan ostera, 16 kilometroko erlojupekoa lehiatu eban. "Oso ondo urten nintzen, indarrak gordetan, atzen itzulian topera ibilteko", adierazo deutso Garrok BEGITUri. Orduan be, Arcegagaz lehia estuan ibili zan eta atzenean, Garrok lortu eban Espainiar selekzinoagaz Munduko Txapelketan ibilten dan txirrindularia garaitzea, 3 segundo estuko aldeagaz.

Urtean zehar, Garro Kopako lasterketa guztietan egon da aurretik. Baina Espainiako Duatloira aurkeztu zanean, Kopako lasterketa bat egoan eta igorreztarra ez zan aurkeztu. Beraz, ezin izan ditu Kopea eskuratzeko behar beste puntu lortu. Paulino Fernandez izan da irabazlea. Halanda be, pozik agertu da. Udan, urri lehenengoaren 14an Valentzian egingo dan triatloirako prestatuko da Igorrekoa.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!