jaiak

Dana dago prest gaur Igorreko sanantonioei hasikerea emoteko

Asier Abrisketa 2024ko eka. 7a, 10:08

Juantxu Urkiagak 19:00etan botako dau txupina eta horregaz batera hasiko dira hamar egunez eta bederatzi gauez luzatuko diran jaiak

Barikuan, hilak 7, hasiko dira Igorreko Jaiak. Olatz Urkiza alkateak esan dauanez, "Igorren bizi garen guztiontzat poztasun bereziko egunak" izango dira eta "adin guztiei zuzendutako hamar eguneko jarduerak" dagoz aurretik: kontzertuak, lehiaketa gastronomikoak, eskaintza kulturala, kirol probak, koadrillen olinpiadak, haurrentzako ekintzak...

Aurtengo jaietako pregoilaria Juntxu Urkiaga izango da, Jokaldi talde mitikoko partaide ohia eta gaur, Ut taldeko abeslaria. Udaletxeko balkoitik 19:00etan botako dau txupina eta holan hasiko dira sanantonioak. Jaiak zer diran galdetuta, Juantxuk zera dino : "Sentimentuak azaltzeko momentua, personen harremanak garatzekoa, lan kontuak eta egunerokotasuna apur bat baztertzekoa... Gauza desbardin bat da, batez be, herrian besteakaz batera ospatzen egotea".

Baina Igorreko Jai Batzordeak antolatutako egitarau oparoari hasikerea emon aurretik be, giroa bero bero egongo da Igorren goizetik. Barrakak atzen prestaketakaz, txosna eta tabernak betetan, kuadrillak poteoan... Danak egingo dau eztanda 19:00etan, jaietako lehen asteburuari ekiteko.

Lehen asteburuko egitaraua

Bagilak 7, barikua

  • Goiko plazan:
    • 17:00-20:00etara, Saharauiak Arratian alkarteak egindako jakien dastaketea.
    • 17:00-18:30etara, ume eta gazteentzako jolasak Zaztaparrakaz.
    • 18:30ean, ume zein helduentzako euskal jantzak Arantzartegaz.
    • 19:00etan, txupinazoa Juantxu Urkiagaren eskutik.
    • Bitartean, merindea jubiladuen eskutik.
    • 19:15ean, Larrain jantzea Arantzartegaz.
    • 19:30ean, kuadrillen argazkia eta olinpiadak: Herri Kirolak.
    • 20:00etan, La Tuna Bando txarangea.
  • Bidebarrin:
    • 20:30ean, Txiki Dantz.
    • 22:30ean, A&B Show.
  • Txosnagunean:
    • 22:30ean, kontzertuak: Junapu, Dupla eta Trikizio.

Bagilak 8, zapatua

  • 08:30ean, ermitetatik kantu-birea, jubiladuen txokotik hasita.
  • 11:00etan, errugbi 8 inklusiboa.
  • 11:00etan, Inazio Zubizarreta eta Otxandioko eskoletako umeen futbito txapelketea, aterpean.
  • 11:30ean, umeen eskupelota partiduak, kiroldegian.
  • 12:00etan, paella txapelketako izen-emotea.
  • 14:30ean, paellen aurkezpena.
  • 16:00etan, Bizkaiko errugbi 7 txapelketea.
  • 17:00etan, DJ Isma paella gunean.
  • 19:00etan, Ostikada elektrotxarangea, paellagunetik hasita.
  • 20:00etan, Luis Iruarrizaga abesbatzaren emonaldia, Kultur Etxean.
  • Bidebarrin:
    • 22:00etan, kontzertuak: Puro Relajo eta DJ Paco.
  • Txosnagunean:
    • 22:30ean, kontzertuak: Sua, Zirkinik bez, Karibe Mix.

Bagilak 9, domekea

  • 10:00-14:30era, Gurutze Gorriaren ate irekiak Bidebarrin: puzgarriak, RCP, taloak...
  • 18:00etan, Marginalia jantza garaikidearen ikuskizuna goiko plazan.
  • Gero, Otempodiz jantza afrikarren emonaldia.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!