Onditz Iturbe korrikalari igorreztarra Alpeetako alde frantziarrean izan da astegoienean, Annecy inguruan, European Athletics-ek antolatutako Europako II. Off-Road Txapelketan. Espainiako estaduko selekzinoagaz egin dau galapan, meteorologia dala-ta, gogorra izan dan txapelketa batean. Oingoan baina, domina barik bueltau da Iturbe.
Zapatuan Igoera Bertikala jokatu eban igorreztarrak, lupetza eta hotza protagonista izan ziran goizean. Oin dala urte bi, La Palman hamaikagarrena izan zan eta oingoan, hamazortzigarren postuan ailegau zan helmugara, 7,4 kilometrotan 950 metro igon ostean. 56:34ko denporea egin eban, irabazlea izan zan Nina Engelhard alemaniarrak baino 6:26 gehiago. "Frustragarria izan da, lupetz asko eta jente asko egoalako, batez be hasikeran. Korrikan egiteko zati errazenean hobeto kudeatu dodala uste dot eta indartsuago amaitu dot", adierazo eutsan medioei igorreztarrak helmugan.
Domekan barriz, Mountain Classic lasterketea jokatu zan, 16 kilometro eta 940 metro desnibel, eta bertan be izan zan Onditz Iturbe. Lehen postua Nina Engelhard alemaniarrak errepikatu eban, 1:22:44ko denporeagaz. Iturbe hogeta bigarrena izan zan, 1:30:44ko denporeagaz. "Gorantza ondo joan naz baina bajatukeran galdu dodaz postuak. Ez dago atxakirik, entrenetan jarraitu behar da", inoan Iturbek helmugan.