musikea

Sei musika talde batuko dira zapatuan, Kiñu Gaztetxeko Urte Barri Oi! jaialdian

Asier Abrisketa 2024ko urtarrilaren 23a

Streetwise, Iskanbila, Fito Skins, Sta. Cruz, Neallta Fola eta Ugerda taldeak igoko dira Igorreko gaztetxeko oholtzara, 18:00etan hasita.

Urtarrilaren 27an, zapatua, Igorreko Kiñu Gaztetxeak urte barriari ondo etorria emongo deutso, Urte Barri Oi! jaialdiaren lehenengo edizinoagaz. Euskal Oi! musikearen talde erreferenteetako batzuk egongo dira entzungai Kiñuko aretoan, arrastiko 18:00etan hasi eta gaua ondo sartuta izan arte. Streetwise, Iskanbila, Fito Skins, Sta. Cruz, Deallta Fola eta Ugerda dira konbidautako taldeak.

Sei talde:

Streetwise: Iruñean 2017an, Ibon, Adri, Ortiz eta Urtasunek osotutako taldea da Streetwise. 2019an argitaratutako Streetwise lan luzearekin, punk oi! giroan ezagun egin eta gaurko eszenako erreferente bilakatu ziran. Ordutik, hainbat lan kaleratu ditue. Kaosa Euskal Herrian bildumako Amaiera abestia, Egia ala gezurra EPa edo Arene 6 taldeagaz alkarlanean egindako Deus ez/Ikusezin lana, esaterako.

Iskanbila: 1990. urtean Arrasaten jaiotako taldea, Urte Barri Oi! jaialdiko talderik eta beteranoena izango da Iskanbila. Banda sortu zanetik gaur arte, taldekideen arteko aldaketa asko egon badira be, gaur Gotzon, Lapo, Iban, Jonny eta Jabo dira Iskanbilako kideak. Taldeak berak ere izan ditu gora-beherak. 1990tik 2006ra martxan egon ostean, geldialdia egin eben. Gero, 2013an bueltau ziran oholtzetara urte pare batez eta barriz be geldirik egon ostean, 2023an ipini da barriro martxan Oi! talde mitikoa.

Neallta Fola: 2006an, Aretxabaletan sortu eben Neallta Fola taldea Karlotek, Kanuk eta Gorkak; atzen honen ordez, Morenito dago gaur egun. Gernikako Astran lehen kontzertua eskaini eta gero, 2009an Iraultza eta 2013an, We’re comming back diskak argitaratu ebazan. Halanda be, 2014an taldea desegin zan. 2022ko eguberrira arte itxaron behar izan eben entzuleek euren bueltea eta diska barri bat argitaratuta dabiz oin Euskal Herriko oholtzetan, Hemen eta orain.

Sta. Cruz: 2019an Bermeon sortutako taldea da Sta. Cruz, herriko baserri ezagun baten izena hartu dauan banda. 2020an kaleratu eben lehen lana, lau abestiz osotutako aurkezpena: Sta. Cruz. Gerora, Kaosa Euskal Herrian bilduman ere parte hartu eben, Bizkaiko buru abestiagaz.

Fito Skins: Fito Skins Txaber eta Mariok sortutako talde elorrioztarra da. Gitarra akustiko eta armonikaren doinuaikaz bersionautako kanta ezagunakaz oholtzetara igoten hasi ostean, 2023an animatu ziran lehen lan propioa argitaratzera: Venganza y perdón. Diskan pianoa, mandolina, baxua, bateria eta abar entzun daitekezan arren, zuzeneko emonaldiak formatu akustikoan eskaintzen ditue.

Ugerda: Ugerda 2020an batutako Erandioko emakume taldea da. Halanda be, 2022ko maiatzan igo ziran lehenenengoz oholtzara, Loiun. Txaso, Irati, Pau, Uxu eta Olatza dira banda osatuten daben kideak eta batez be, bersinoak lantzen dabezan arren, gitxinaka badabiz abesti propioak be lantzen.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!