BideON Arratian, eskaripeko garraio zerbitzuak, jentearentzako informazino bulegoa inaugurau dau gaur, hilak 12, Igorreko Agirre Lehendakaria kaleko 11 zenbakian. Oindik aurrera, zabalik egongo da astelehenetik barikura 08:00retatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuriko bizilagunei zuzendutako ekimenea da BideON Arratian eta bulegoan, honen gaineko informazinoa eskaini eta sisteman izena emoteko aukerea egongo da.
Arratiako Udalen Mankomunitatearen ekimenak, aukerea emoten deutse Arratian erroldatuta dagaozan unibersidadeko ikasleei euren etxetik, unibersidadera doan garraio publikora hurreratzeko. Beste taldea eskualdeko herriguneetatik urrun dagozan etxebizitzetan erroldatuta dagozan 65 urtetik gorako personak dira. Zerbitzuak eskualdeko uriguneetara eroango ditu etxetik, udaletxeetara, osasun zentroetara, farmazietara, dendetara, banku bulegoetara edo kutxazainetara, hain zuzen be. Galdakaoko anbulatoriora hurreratzeko zerbitzua be egongo da eurentzat.
BideON Arratian, laster martxan
Zerbitzua martxan dagoanean erabili ahal izateko, erabiltzaileak, zerbitzua erreserbau egin beharko dau aplikazino baten bitartez edo telefono batera deituz. Gidariak eskaerea jaso eta eskatzailea dagoan lekutik hurren dagoan geralekuan jasoko dau. Bidaia, beste erabiltzaile batzukaz konpartidu ahal izango da. Ibilbidearen prezioa euro bat eta 1,5 euro bitartekoa izango da. Bizkaiko Foru Aldundiak 900.000 eurogaz finanziau dau proiektu honen fase pilotua eta urtebete iraungo dau. Celering enpresak egin dau zerbitzuaren diseinua, Adimen Artifiziala erabilita.