Gabonaldia urtailaren 13ra arte, zapatua, luzatuko da Igorren. Izan be, orduan izango da aurtengo Gabonetako egitarauaren atzenengo emonaldia, Gauargi erromeria taldearen kontzertua hain zuzen be. Igorreko kiroldegian izango da zapatuko emonaldia, 18:30ean.
Gauargi 2012an sortu eben Amaia Txintxurretak eta Asier Castrok. Txintxurretak ETB 1eko Betizu saioan hasi eban bere abeslari ibilbidea. Hamasei urtegaz hasi zan erromeria talde baten kantuan eta harrezkeroztik hainbat musika taldetan eta telebista saiotan hartu dau parte. Goiena telebistako Kantari saioko aurkezlea be bada. Asier Castro, musika irakaslea, gitarra-jotzailea, tekladu-jotzailea eta DJ ekoizlea da. Holan, hogei urte baino gehiagoan dabil herrietako plazetan eta beste agertokietan zuzeneko kontzertuak emoten.