Abenduaren 29an, barikuan, Txalo Produkzioak konpainiaren Hobe ixilik! antzezlana ikusi ahal izango da Igorreko Kultur Etxean, 20:00etan. Salome Lelouchek sortu, Begoña Bilbaok zuzendu eta Ramon Agirrek euskeratutako lana da Hobe ixilik!. Ikusleen aurrean taularatuteko arduradunak ostera, izen handiko aktore bi dira: Itziar Ituño eta Ramon Agirre.
Bikote bat da antzezlanaren protagonistea, eta biak ibiliko dira berbetan, zirika nahiz eztabaidan. Gai asko izango dabez berbabide: gaztai tartea, patinetea, klima aldaketea, politikea, Me Too mobimentua, amatasun subrogadua... Eguneroko kontuen eta gai potoloen inguruan eztabaidatuko dabe. Lagun biren arteko desadostasunak, ostera, jantza egindakoan baretuko dira.