Mobilizazinoa

Urbasan indarkeria matxisteak eraildako haurra dala-ta, alkarretaratzea deitu da Igorren

Asier Abrisketa 2023ko aza. 9a, 10:27
Hilketa matxista bat salatuteko alkarretaratzea Igorren

Gaur, hilak 9, 19:30ean egingo da alkarretaratzea Lehendakari Agirren, indarkeria bikarioko atzen kasua salatuteko.

Martitzenean Urbasan, gizon heldu baten eta ume baten gorpuak agertu ziran Ubabako amiltegi azpian. Gerora autopsiak baieztatu dauanez, gizonak zazpi urteko semea besoetan helduta gein eban salto trokatik bera. Holan, Estellerriko Mugimendu Feministak salatu dau eta Espainiako Berdintasun Ministerioak be uste dau, umearen hilketea indarkeria bikarioko kasua dala.

Aurten, Euskal Herrian bortxa bikarioak eraildako lehen umea da hau eta kontuak egin diranetik, 2003 urtetik, hamairugarren kasua lirateke hau. Indarkeria kasu honeetan, arrazoi nagusia izaten da umearen amari mina eragitea eta beraz, hilketea zein eraso matxistea salatuteko urtengo da kalera Arratiako Mugimendu Feministea. Gaur, eguena, 19:30ean egingo da alkarretaratzea Igorreko Lehendakari Agirre etorbidean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!