txirrindularitzea

Aurten ez da Igorreko Nazinoarteko Ziklo-kros probarik jokatuko

Asier Abrisketa 2023ko urr. 24a, 10:45

Igorreko Udalak eta Arratiako Ziklista Elkarteak idatzi baten bitartez jakinarazo dabenez, "ziklo-kros sendo eta eguneratu bat denporaz antolatzea" da probea aurten ez egiteko errazoia. Horrezaz gain, arazo ekonomiko garrantzitsuak ditu AZEk.

Atzo, hilak 23, Igorreko Udalak eta Arratiako Ziklista Elkarteak jakinarazo eben aurten ez dala Igorreko Nazioarteko Ziklo-kros probarik antolatuko. Argitaratutako idatzian azaldu dabenez, helburua "indarrak hartu, egitura berregin eta 2024ra begira, gaur egun froga honek eskatzen dauan legez, ziklo-kros sendo eta eguneratu bat denporaz antolatzea da". Horrezaz gain, zehaztu dabe "eredu aldaketa" baten beharrizana, jokoan dagoalako jasangarritasuna, "antolakuntza aldetik zein ekonomikotik". Hau da, atzerapen bat ei da, bai Udalaren zein AZEren aldetik, "ziklo-krosa ospatzeko konpormisoa, adorea eta ilusinoa" dagoalako.

"Gu hor gagoz, baina ziklo-krosa ezin da gure esfortzuagaz bakarrik mantenidu. Hori da urteko kirol ondare inportanteena Igorren. Kirol ondare bat da ziklo-krosa. Eta ezin da izan, AZEren erantzukizuna bakarrik"

BEGITUk, Leire Aurrekoetxea AZEko presidenteagaz berba egiteko aukerea izan dau eta errazoi nagusia, antolaketa mailakoa dala azaldu dau. Izan be, zuzendaritza barriak "egun batetik bestera" hartu eban txirrindularitza eskolea eta ebatzi arin baten ostean, "estruktura itzel" bat mantenidu behar izan da. Bai gazteen kategoriak bai antolatu beharreko lasterketak. Honek dakarrena da, lan karga zein diru beharrizan handia.

Hasikeran, C2 maila mantenidutea izan zan aukerea baina Aurrekoetxeak azaldu dauanez, Murias Arratia taldearen babesle nagusia dan Murias enpresearen erantzun barik egon dira aurten. Holan, "diru sarrera potente bat gitxiago" dauka aurten AZEk eta honeri gehitu jako, lasterketetara mobidu ahal izateko kotxe bat erosteko beharrizana: "Orduan eskolearen etorkizunaren krisi batean sartu ginan".

Alde honetatik, Udalagaz be egon da harremanetan AZE eta bai oin dala hile batzuk EH Bilduk zein oingo EAJk azaldu deutseenez, ez dago modurik Udalak AZErik kotxe bat erosteko. "Hori badinoe lehenengo Udal gobernuak eta oingoak, ulertuten dogu holan dala". Beste alde batetik, lasterketarako dirulaguntzak, berandu heltzean dirala be dino Aurrekoetxeak: "Ez dakigu ezer dirulaguntzen inguruan eta data honetarako izan behar doguz nazinoarteko fitxaketak.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!