Euskerearen jaia 12:00etan hasiko da publiko familiarrentzako "euskerea eta feminismoa, jolasen bitartez" lotzean dauzan Garbijaia animazinoagaz. Publikoak modu aktiboan hartuko dau parte antzezlanean, jolas eta jantzen bitartez, "Galtzerditxo eta Kamiseto" personaiei garbigailua ipinten lagunduteko, eta "kapelakaz, jaboiakaz, eskupainuakaz, alfonbrakaz, pintzakaz baita galtzerdiakaz be" primeran pasauko dabela bertaratutakoek prometiduten dabe Eidabekoek.
Eguerdian, herri bazkaria berreskuratuko da aurten, jenteak giro lasai eta natural baten berba egin dagian. Bazkarirako txartelak aldez aurretik erosi behar dira eta helduentzako eta umeentzako menu desbardinak dagoz. Nagusientzako menuak 17 euroko prezioa dauka eta marmitakoa, txahal erregosia, pantxinetea eta edariak dagoz prezio horren barruan; umeentzako barriz, arroza kubatar erara, oilasko izterra pa- tatakaz, izozkia eta edariak dagoz 12 euroko menuan. Bazkalostean, Eingo taldeak ipiniko dauz euskal giroa eta animazinoa, jentea jantzan egitera animauz.
Erakargarritasuna berreskuratu guran
Jentea alkartuz, euskereari bultzadea emon gura deutso Igorrek Inbiu Egunagaz. "Aurten, Inbiu Egunak zentzu gehiago dauka; izan be, Igorreko euskerearen egoerea ez da guk gurako geunkena. Hori dala ta, pandemia aurreko xarma berreskuratu gura dogu, jentea mobiduarazo herri bazkariaren bitartez. Eta batez be ez dira ahaztu behar Joxan Artze-ren berbak: 'hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik'. Beraz jalgi Lasarte plazara!" azaldu deutso begituri Irune Costumero Igorreko Euskera Teknikariak.