Pasau dan astegoienean San Kristobaleko XIX. Mendi Martxea egin ostean, oingo asteburua izango da auzoko jaiak ospatutekoa. Egitarau zabala antolatu dabe auzotarrek eta Jai Batzordeak. Bariku iluntzean etxeko musikea egongo da entzungai eta zapatua, ekintzaz beteta dator: txirrindulariak, lehiaketa gastronomikoak, ikuskizunak, erromeria eta dj-a hain zuzen be. Ospakizun erlijiosoa ostera, astelehenean egingo da ermitan, 12:00etan, geroko barauskarriagaz.
Lehenengo egunean, barikua hilak 7, 21:00etan kantaldi bat egingo da. Igorreko antxinako kantak abestuko ditue auzoko plazan, Ander Gorospek gidatuta. Gero, andra arratiarrek osotutako Vinagre de Moderna punkrock taldeak eskainiko dau zuzeneko kontzertua. Atzena, oin dala ia hiru urte emon eben Kiñu Gaztetxean.
Zapatuan ostera, hilak 8, goiz-goizetik hasiko da auzoa girotuten. Igorretik urtengo da-ta Bizkaiko jubenil mailako txirrindulari lasterketea 10:30ean eta helmugea, San Kristobalen egongo da. Horrezaz gain, bazkalordurako Paella Lehiaketea egingo da eta 13:00etan, Igel Txapelketea.
Arrastian zehar ostera, Tortilla Txapelketea egongo da jokoan eta bitartean, 18:00etan, Ganso&Cia clown konpainiakadin guztietarako aproposa dan Panoli kabareta taularatuko dau. Tortillak aurkeztu ostean, 21:00etan Arantzarte etaTenerife irlako Agrupacion Folclorica Guarache taldeen arteko jantzaldia egongo da. Eta eguna giro onenean amaituteko, Akerbeltz erromeria eta DJ Buzz.
