udal hauteskundeak

EAJk Arratia kurutzatuko dauan bide berdea prometidu dau Igorren

Asier Abrisketa 2023ko mai. 17a, 13:56

Olatz Urkiza, alderdikide eta alkategaien babesa jasoten // EAJ

Elixabete Etxanobe: "Arantzazu, Artea, Areatza, Zeanuri, Ubide, Dima, Igorre, Lemoa eta Bedia lotuko dituan bide berdea egingo dogu; Arratia osorako proiektu ilusionagarria izatea gura dogu. Bizkaiko bizi-kalidadea hobetzen jarraituteko gidatuko dau Aldundia EAJk".

Astelehen arrastian, EAJk ekitaldia egin eban Igorreko Kultur Etxean. Bertan hartu eben berbea Bizkai Buru Batzarreko presidente dan Itxaso Atutxak, Bizkaiko Ahaldun Nagusia izateko hautagaia dan Elixabete Etxanobek eta Igorreko alkategai dan Olatz Urkizak. Honeekaz batera, Arratiako EAJko alkategaiak be egon ziran.

N240 errepideko bidesariak eta etorkizuneko bide berdea, auzoak, adin desbardinetarako ekintzen beharra eta sare enpresarialaren erreaktibazinoa izan ziran berbagai mitinean. Itxaso Atutxa ostera, botoaren garrantzia azpimarratutera igon zan oholtzara: "Oingoan, oso garrantzitsua da. Ez da bardina botoa batzuei edo besteei emotea; ez da bardina etxean gelditu edo EAJri botoa emotea".

Elixabete Etxanoberen berbaldian, mobikortasuna izan zan ardatza, holan, "bizi-kalidadea hobetuteko". Errepidearen aldetik, EAJk kamioien trafikoa gitxiagotutea lortu dauala azpimarratu eban, bidesarien bitartez: "Arratian, segurtasun gehiagogaz zirkuletan da eta kutsadura gitxiago dago; eta ez gara hor geldituko". Izan be, aurreratu dau errepide osoan aldaketak egiten segidu gura dabela. Beste alde batetik, bide berdea prometidu eban: "Arantzazu, Artea, Areatza, Zeanuri, Ubide, Dima, Igorre, Lemoa eta Bedia lotuko dituan bide berdea egingo dogu; Arratia osorako proiektu ilusionagarria izatea gura dogu". 38 kilometroko bidea izango ei da, "ingurune naturala eta Arratiako herrian balioan ipiniko dauzana".

Olatz Urkizak barriz, Igorre ipini eban zentroan: "EAJn, Igorrek barriro distira egiteko talde onena daukagu". Auzoetaz ardurea erakutsi eban, eta honeek zaintzeako beharra azpimarratu, "herri bardinaren parte sentidu daitezan". Beste alde batetik, nagusi zein gazteentzako ekintzak aldarrikatu ebazan, bai eta ekintzok adin guztientzako egokitzea be, "persona guztiek osotasunean parte hartu ahal izateko". Beste erronka garrantzitsu bat, "ekonomia eta industriaren beraktibazinoa" dala gehitu eban: "Gure indarra Igorreko sare enpresariala berraktibatzera bideratu behar dogu".

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!