Datorren domekan, hilak 14, Areatzako Bandak eta Arantzartek alkarlanean egindako ikuskizunaren bigarren emonaldia egongo da ikusgai Igorren. Karpoko jaietan egin zan lehen emonaldia eta oingoan be, errepertorio bardina egongo da. Aritz Labrador Areatzako Bandako zuzendari artistikoak 2022-2023 denporaldirako "herriarengandik herriarentzat" lemapean garatutako hirugarren ikuskizuna da. Lehenik ahotsagaz buztartu eben musikea, gero literatureagaz eta oin, jantzeagaz.
Holan, pieza ugari joko ditue musikariek eta batzuetan, Arantzarteko jantzariak urtengo dira taula gainera. Pieza horreen artean egongo da Labradorrek sortutako Jantzak, "Bilboko Bandak jo eban Bilboko txistulariakaz eta oingoan, Areatzako Bandak joko dau Areatzako txistulariakaz". Txistulariez gainera, albokea be izango dabe lagun, Leon eta Mauriziaren Arratiko jotea eta Porrue jo eta jantzatzeko. Beste pieza gehiago be eskainiko dira: Jesus Guridiren Ezpatadantza, Jose Francoren Aires vascos n2 eta euskal jantza ugari batzean dituan mix bat, besteak beste.