Ertzaintza Igorreko etxe batera joan zan atzo arrastian, bertatik urtetan zan usaina zala-ta, auzotarrek deituta. Barruan, boltsetan egozan hildako txakur bi eta oindino bizirik, baina larri, egoan beste txakur bat topau ebezan. Hori dala-ta, lagun bat atxilotu eben ertzainek. Lehen informazinoek atxilotu bi egon zirala esaten eben arren, Ertzaintzak BEGITUri baieztatu deutso bakarra izan dala eta astelehen arrastian pasau dala xedapen judizialera. Aurretik, goizez joan zan Ertzaintza atxilotuagaz etxea miatzera. Bertan, enpresa batek txakurren gorpuak eroan dauz eta etxea aireztatuteko, ate eta leiho guztiak zabaldu ditue.
Domeka arrastian Ertzaintzagaz egon zan auzotarretako batek BEGITUri azaldu deutsanez, "txakur biak gosez eta egarriz hil ziran eta besteak, honen gorpuak jan ebazan bizirauteko". Bizirik dagoan txakurragaz zer egin eben galdetuta, adierazo dau txakurrentzako hotel batek zainduko dauala: "Abandonautako txakurrentzako zerbitzu oso ona daukie han eta probak egingo deutsiez, gaixotasun larriren bat daukan jakiteko. Larritasunik ez badago, errehabilitazinoa egin eta etxe bat topauko deutsie".
Eraikineko auzotarrak harrituta agertu dira gertatutakoagaz, etxebizitza barruko baldintzak txarrak zirela jakin arren. Izan be, beste auzotar batek azaldu dau, hileak dirala usain txarra hasi zanetik. Azaldu dau, uda partean udaletxean kejau zirala eta udaltzainak etxera hurbildu ziran arren, jaubeak ez eutsiela atea zabaldu gura. Auzotarrek atxilotuaren atean usainagaitik kejatzeko kartelak be ipini ebezala azaldu dau.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!