La huella de Karim Javier Alvaroren 2011ko dokumentalak, Karimen bizitza eta legadua erakusten dauz. Baltistango lehenengo andrazko alpinista taldea martxan ipintea izan zan, beste gauza batzuen artean, bere legadua. Filmaren ostean, Alex Txikon, Sebastian Alvaro eta Jose Carlos Tamayo dira egotekoak, filmaren gainean berba egiteko barikuan, aprilak 21, 19:30ean, Igorreko Lasarte Aretoan.
Oin dala urtebete hil zan Abduk Karim Pakistango alpinista ezagunetakoa. Mendebaldeko alpinistei lagunduten eutsen bere espedizinoetan eta Baltistan eskualdearen aldeko hainbat laguntza eta lankidetza ekimen ipini ebazan martxan bizi kalidadea hobetuteko. Holan, bailaran martxan ipini zan Hezkuntza proiektuari esker, umeen %93 eskolara joatea lortu zan, eta hori ez da ohikoa Pakistanen.
Gainera, nesken egoereagaz egoan kezkatuta Karim, eta gaixorik ipini zanean, dokumental egile eta beste alpinista batzuei, bere iloba neskek mendiak eskalatzea gura ebala jakinarazo eutsen. Honeen laguntzeagaz, lortu zan Baltistango lehenengo andrazko alpinismo taldea osotutea eta hori be kontetan da dokumentalean. “Neska honeen eta euren aitita Little Karim-en istorioa da kontau ahal dogun istorio hunkigarrienetako bat" dinoe dokumentalaren kartelean.
Txikon, Alvaro eta Tamayo
Dokumentalaren ostean berbaldia egongo da Karim ezetu eben alpinistakaz. Bertan egongo dira, Alex Txikon, 2023ko neguan Manasluko tontorra (8.163 m) zapaldu eban Lemoako alpinistea; Sebastian Alvaro, Al filo de lo imposible telebistako programearen sortzaile eta zuzendaria eta Jose Carlos Tamayo Karakorum ondo ezetetuten dauan alpinista beteranoa.