Kiñu GZTX

Asteon emongo jako hasikerea Kiñu Gaztetxearen IX. urteurreneko egitarauari

Asier Abrisketa 2023ko apirilaren 12a

Mari filmaren azala.

Barikuan umeentzako Urpekontzi misteriotsua ikuskizuna, zapatuan Zumbatoia eta domekan, Mari filmaren proiekzinoa egongo dira gaztetxean.

Igorreko Kiñu Gaztetxea inaugurau zanetik bederatzi urte pasau dira baborduko eta asteon hasiko dira ospakizunak, astegoienean egunero egongo da zer egin, dana doban. Aprilaren 14an, barikua, umeentzako Urpekontzi misteriotsua ikuskizuna egongo da 18:30etik aurrera; aprilaren 15ean barriz, zapatua, Zumbatoia egingo da 11:30etik aurrera; aprilaren 16an ostera, domekea, Antixenako Gaztetxeak egindako Mari pelikulea egongo da ikusgai, 19:00etan.

Horrezaz gain, datorren astegoienean Areatza Musik & Beer-ek antolatutako jaialdia egingo da hilaren 22an. Aprilaren 28an barriz, futbolin txapelketea antolatu da eta 29an egingo da urteurreneko jai nagusia.

Urpekontzi misteriotsua hiru eta hamar urte bitarteko umeentzako antzerkia da eta XX. mendeko abesti ospetsuen moldaketak dira oinarri, umeak jantzan ipinteko. Holan dino sinopsiak: Simon, Bobby eta Janis aspaldiko lagunak dira. Udako egun bero batean, uriko asfaltoa atzean itxi, eta hondartzara joatea ebazten dabe. Uretan jolasean dabizala, urpekontzi itxurako zeozer ikusten dabe urrinean. Baina gauzak ez dira itxuraren araberakoak...

Zumbatoian barriz, gaztetxeko Zumba klaseko irakasleak saio irekia girotuko dau eta edonor sartu daiteke jantza egitera. Goizeko 11:30etan hasi eta bazkal ordura arte izango da saioa. Gero, Zumba klaseko ikasleek antolatutako bazkaria egingo da. Honetarako, izena emon behar da 660 581 283 telefonoan.

Amaitzeko, Mari pelikulea proiektauko da domekan. Oñatiko Antixenako Gaztetxeak egindako produkzinoa da hau eta Mari, ixilik nahi gaituztenean da izen osoa. Gaztetxearen hamargarren urteurrenean egin eben pelikulea, gaztetxe mobimentuak urteotan egindako lana ezetuarazo eta balioan ipinteko. 2032. urtean dago girotuta istorioa eta gaztetxearen desalojoa ekiditeko Mariren burrukea kontetan dau. Gatazka honetan, Udalagaz bakarrik ez, familia eta asanbladan sortzean diran gatazkei egin beharko deutso aurre Marik.

Lapurreta saiakerea

Kiñu Gaztetxeko asanbladakideek domekan jakinarazo ebenez, zapatu gauean ostuten saiatu ziran "hiru mutil gazte" gaztetxean. Auzotarren dei bateri esker izan eben erasoaren barri eta argitu dabe, ateetan kalteak dagozan arren, ez zirala barrura sartu. Gero, burdinezko palanka bat eta zerra bat aurkitu ebezan gaztetxe inguruan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!