Udane Romero Mugarza hamabost urteko ugerlari igorreztarra da, Galdakaoko Igeriketa Taldean dabilena. Martiako lehen astegoien bietan, Bizkaiko eta Euskal Herriko Txapelketak jokatu ebazan hurrengoz hurrengo eta bertan lortutako markei esker, Udako Espainiako Txapelketan lehiatuko da garagarrilaren 26tik 30era, Tarragonan.
Hainbat modalidadetan jokatuteko aukerea izango dau, txapelketetan estadu mailan lehiatzeko denpora minimoak lortu ditualako. Lau modalidade aukeratu beharko ditu 50 bizkar, 50 libre, 100 bizkar, 100 libre eta 200 bizkarren artean. Txapelketa honetarako entrenetan dabil oin, egunero Galdakaoko ugerlekura joaten eta Gasteizen be prestauko da, 50 metroko ugerlekuan.

Lehen esperientzia
Estadu mailan lehiatzen, lehen esperientzia pasau dan astegoienean bizi izan dau Romerok, Mallorkan jokatu dan Udabarriko Espainiako Txapelketan. Dominarik lortu ez dauan arren, 50 bizkar modalidadeko finalean lehiatu ahal izan zan junior mailan, zortzigarren heldu zan, bosgarren bere adinetik. Halanda be, pozik bueltau da, ugerlari olinpikoakaz egotea esperientzia "ikaragarria" izan da-ta.