Kiñu gztx

Kiñu Gaztetxeak aurkeztu dau IX. Urteurreneko egitaraua

Asier Abrisketa 2023ko apirilaren 4a

Aprilaren 29an izango da jai nagusia, bertso-bazkari eta kontzertuakaz, baina hainbat ekintza egingo dira aurretik: umeentzako Urpekontzi Misteriotsua, Zumbatoia, MARI filmaren proiekzinoa eta futbolin txapelketea.

Igorreko Kiñu Gaztetxeak bederatzi urte betetan dauz hileon eta ohikoa danez, april osorako egitaraua antolatu dabe urteurrena ospatuteko. Girotzen hasteko kontzertua zan Anarirena baina abeslearen osasun arazoak zirala-ta, bertan behera gelditu behar izan zan emonaldia. Halanda be, urteurrena aurrera doa eta aprilaren 14an, 15ean, 16an, 28an eta 29an egongo da zer egin.

Egunak aurrera egin ahala, zehaztapen gehiago emongo dabezala aurreratu dabe gaztetxekoek, momentuz egun bakotxean dagoan jarduerea baino ez dabe argitu. Holan, hilaren 14an umeentzako Urpekontzi Misteriotsua ikuskizuna egongo da, 18:30ean. Hurrengo egunean, zapatua, goizez Zumbatoia egingo da eta gero, bazkaria gaztetxeko zumba klaseko partaideen eskutik. Domekan ostera, Antixenako Gaztetxeak egindako MARI filma egongo da ikusgai, 19:30ean.

Aprilaren atzen astegoienean barriz, barikuan Futbolin Txapelketea antolatu dabe, Igorreko Axular Herriko Tabernan jokatuko dana 19:00etatik aurrera. Amaituteko, zapatuan egingo da IX. Urteurreneko jai nagusia. Goizez, tailerrak eta marianito-pintxada egingo dira, dj-agaz girotuta vermuta egin eta gozatuteko. Gero, bertso-bazkaria egingo da eta arrastiz, poteo musikatua. Gauean barriz, Sofokaos eta Willis Drummond taldeak igongo dira Kiñuko oholtzara eta honeen ostean, Lilakk dj-ak girotuko dau gaua.

Areatza Musik & Beer gaztetxean

Gainera, hilaren 22an Areatza Musik&Beer-ek antolatutako jaialditxoa be egongo da Kiñun; The Riff Truckers eta The Electric Alley taldeen kontzertuakaz. Sarrerak, salgai dagoz Areatzako Bixer, Hagina eta The Quiet Corner tabernetan, Igorreko Axular Herrikoan eta Kukuman, Arteako Herriko Bentan, Dimako Baltzolan, Lemoako Atxetan, Ubideko Herrikoan eta Zeberioko Amañen.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!